Euskal Herriko Goi Mailako Musika Ikastegiko ikasleek aro garaikideko egitaraua prestatu dute, klasikoak alde batera utzi gabe noski. Besteak beste. Freddie Mercuryren Bohemian Rapsody edo Franz Schuberten lau obra, Der Tod und das Mädchen, Der Döppelganger, Ständchen eta Trockne Blumen eskainiko dituzte Brigitarren komentuan 19:30ean hasten den kontzertuan.
Musikene Flauta Taldea
Musikene Flauta Taldea, Mario Clavell Larrinaga irakasleak sortu zuen 2005. urtean Euskal Herriko Goi Mailako Musika Ikastegian.Taldearen lehenengo kontzertuek izandako arrakasta ikusita, helburu akademikoa gainditu eta zirkuitu profesionalera sartzeko aukera ikusi zuen taldeak.
Ekitaldi ugari egin dituzte penintsulan zehar eta egun Frantzian egingo duten bira prestatzen ari dira.
Taldearen errepertorioko lanak ez dira eremu zehatz batean sailkatzen, ohiko musika-lanetatik aldentzen saiatzen dira eta korronte musikal garaikideak uztartzen.
Anna Valentina hirukotea
Bestalde, jazz-swing eta bossa entzuteko kontzertua izango da Manuel Lekuona kultur etxeko kafetegian, 20:00etatik aurrera. Gazteria eta Festak sailak eta xPressionek sinatua duten hitzarmenaren barruan kokatzen den kontzertuan Anna Valentina trio taldea izango dugu.
Anna (ahotsa), Patxi (Baxua) eta Michelek (gitarra) osatzen duten hirukoteak jazz eta bossa nova klasikoa maitatzen du, horregatik joera honetako abestiak formatu minimalista batean aurkeztuko ditu kontzertuan.
Gaur egun, Donostiako Le Bukowski musika klubean jotzen dute hilean behin, eta pixkanaka ezaguna bilakatzen ari den taldea dugu.•