Inauterien musika eta kolorea, gaurtik

Txintxarri Aldizkaria 2009ko otsailaren 20a

Momo Jainkoa Lasarte-Orian da jada, inauterien iragarle. Ohi bezala, umeak izango dira festarako deiari erantzuten lehenak, gaur arratsalderako jaialdiak antolatu baitituzte Landaberri ikastolan eta Sasoeta-Zumaburu ikastetxean. Bihar, berriz, haur nahiz helduen mozorro, parodia eta musika emanaldi mordoek koloretuko dituzte kaleak, ordu txikiak arte.
Landaberri ikastolako Goikoetxea eraikineko haurrek euskal inauteriak irudikatuko dituzte jolastokian, 15.30etik aurrera. Atsobakar kaleko egoitzan, berriz, nork bere mozorroa eramango du.
Bestalde, Sasoeta-Zumaburuko ikasle guztiak, bi urtekoak izan ezik, handienen eraikineko atarian elkartuko dira; 15.30ean hauek ere. Aurten zirkua aukeratu dute gai moduan, eta horren arabera mozorrotuta, jaialdia eskainiko dute, batez ere gurasoen gozamenerako.

Desfilea eta dantza
Sasoeta-Zumaburuko gaztetxoak ez dira zirkua gaitzat hartu duten bakarrak izan. Ttakun Elkartea lehen aldiz animatu da biharko helduen desfilean parte hartzen, eta haiek ere zirkuko pertsonaien mozorroak jantziko dituzte: magoak, pailazoak, ferialariak, era askotako animaliak... Zabaleta Auzolanean elkarteko kideek Ttakunekin bat egingo dute, gainera.
Desfilea 17.30ean abiatuko da Iñigo de Loiola kaleko seigarren zenbakitik. Ttakuneko kideak azken postuan aterako dira bertatik, lorez mozorrotuko diren Emakumeen Zentro Zibikoko kideen, gaitzat Hawai hartu duten Erketz konpartsakoen eta aurten ijito jantzita lehen aldiz ateratzea erabaki duen guraso talde baten atzetik.
Desfileak Geltoki kalea hartu eta Hipodromo etorbidea, Donostia ibilbidea eta Urko plaza zeharkatuko ditu lehenik, Andatza plazan geldialdia egin arte. Hurrengo geltokia udaletxe aurrean egingo dute, Buruntza kalea eta Donostia ibilbidea berriz igaro eta gero. Ondoren, Kale Nagusian aurrera egin eta Ola eta Zumaburu kaleetatik pasako dira, Isla plazan geldialdia eginez. Zumaburu kalera itzuli eta Kale Nagusiko zaharren egoitzan geratuko dira gero azken aldiz, 19.30ak aldera Okendo plazan sartu arte.
Desfilea biharko inauterien eskaintzaren hasiera besterik ez da izango. Izan ere, Udalak antolatuta, 23.00etatik aurrera disko festa izango da Okendo plazan bertan.
Horrekin nahikoa ez duenak izango du gero ere parranda luzatzeko aukera. Izan ere, 00.00etatik aurrera, Big Time Sound System-en musika izango da entzungai Jalgi kafe antzokian. Alain, Eneko eta Mikelek osatutako talde lasarteoriatarrak dantzan jarriko ditu emanaldira bertaratutako guztiak. Ska, Rocksteady eta Reggae musika nahastuko dute.
Igandean, euskal inauterien txanda izango da. 12.00etan Kotxerasetik atera eta Okendorantz abiatuko dira, bertara 13.30ean iritsiz. Arratsaldean, 18.15ean aterako dira toki beretik, eta Okendo plazan Hartza erreko dute bukatzeko.•