Lehengo asteko ostiralean egin zen grabaketa. Zumaburuko eliza aurreko plazan Jokin eta Lasarte-Usurbil Institutuko antzerki eskolako hiru neska Errazu saioko kideekin batu ziren. Aurkezpenak egin eta lanera.
Jokinek eta neskek grabatu behar zituzten eszenak azaldu, Garatek Jokini egingo dion elkarrizketaren galderak eta erantzunak zehaztu, piropoak errepasatu eta grabaketarako lekuak bilatu zituzten ziztu bizian.
Eszenen grabaketa
Grabaketa ere azkarra izan zen, nahiz eta guztia hirutan errepikatu behar izan zen, kamara bakarrarekin eszenako plano desberdinak grabatu behar baitziren.
Lehenik Zumaburuko zaharren egoitza aurreko lanetan piropo egokiak nola esan erakusten dio Jokinek langileetako bati.
Ostean, Ibanek laguntza eskatzen dio Jokini piropoak esaten ikasteko. Eta, era berean, elkarrizketa egiten dio Jokini.
Bukaeran, ikasitakoa praktikan jarri behar du gazteak eta banku batean hiru neska gazte daude eseriak.
Hau da Institutoko nesken txanda. Bakoitzak paper bat antzezten du, bordea, irrifartsua eta piropoak atsegin dituena, eta aurkezle azpeitiarrak esandako piropoei erantzun behar diete.
Piropo egokia aurkitu eta hemendik korrika ateratzen da Iban. Nora joango ote da?
Egunetara Jokinekin bildu gara grabaketari buruz hitz egiteko.
“II. piropo lehiaketako irabazle izan nintzen eta horregatik hautatu ninduten,” argitu digu Jokinek programan bere paperari buruz galdetzean.
Esperientzia interesgarria
Grabaketari buruz galdetzean, “motza izan zen. Ez genuen hanka sartze handirik egin eta grabaketa moztea plano kontuagatik izan zen. Gainera, nahiz eta gidoirik ez egon, Ibanek asko laguntzen zuen solasaldia ongi atera zedin,” azaldu digu gazte lasarteoriatarrak.
“Esperientzia interesgarria izan zen. Hasieran urduri geuden, baina azkenean oso ondo pasa genuen,” aipatu digu Jokinek, “lehenengo aldia da honelako zerbait egiten duguna, baina errepikatuko genuke.”
Jalgiko agertokia
Hala ere, ez da hau Lasarte-Orian aste honetako saiorako grabatu den gauza bakarra.
Aste bete lehenago, ostiralez, Jalgi tabernako barra bihurtu baitzen Errazun emango den beste eszena baten antzezleku. Honetan, gainera, Naroa Illarramendi aritu zen aktore lanetan.
Iban Garate aurkezlea taberna ondotik doa, leihotik gustuko duen neska ikusi eta harengana hurbiltzen da barrura. Lortuko ote du Ibanek Jalgiko neska bereganatzerik?
Erantzuna jakin nahi baduzu, piztu ETB1a igandean 21:30ean.