Zumarraga-Urretxuko literatur lehiaketan ohiko narratiba eta poesia sariei, bertso paperen atala gehitu zaie aurten eta 16 urtera arteko gaztetxoen mailan Ane Labaka eta Amaia Iturriotz izan dira saridun. Epai mahaiak bi sari ematea erabaki zuen, ex aqueo. Maila nagusian Iñigo Legorbururen bertso sortari eman diote saria.
Iparragirre saridunen lanak liburuki batean argitaratu ditu Urretxu eta Zumarragako Udalek. Zumarragako Zelai Arizti kultur etxean egindako sari banaketan aurkeztu ziren liburuki horiek. Saria jaso ondoren, bertso paper lehiaketako hiru irabazleek, Ane Labaka, Amaia Iturriotz eta Iñigo Legorburuk bertso batekin eskertu zuten antolatzaile eta gainerakoen laguntza.
Hirugarren aldiz Oreetan
Bestalde Ibon Zabala 16 urtez azpiko Gazteentzako Bertso-paper Lehiaketako sari banaketa burutu zen abenduaren bukaeran. Xenpelar Bertso Eskolak eta Lau Haizetara Euskaldunon Elkarteak antolatutako sariketaren aurtengo irabazlea Ane Labaka lasarte-oriarra izan da, aurreko bi urteetan bezala. Aurtengoan, “Zuregatik eta zuretzat” bertso sortarekin irabazi du.
Ane Labaka batxillergoa egiten ari da, eta hain juxtu garai honetan, ikasi eta ikasi dihardu azterketak direla eta. Bertsozalea ere bada eta astean bi zita baditu behintzat. Villabonako bertso eskolara joaten da Amaia Agirre irakaslearekin aritzeko eta bestalde, ostegunetan 7etan elkartzen den Lasarte-Oriako bertso eskolako partaide da.