Danok Kide elkarteko egoitza lanbide hezkuntzarako erabiltzen zela ere azaldu digu Navarrok.
“Danok Kidek demokrazia iritsi eta Lasarte-Oriak udal propioa osatu arte jarduera ugari burutu zituen. Horien artean, ikastolak, anbulatorio zaharra eta Correoseko egoitza dira aipagarrienak,” aipatu digu Jose Luisek.
“Ondoren, alderdi politikoak sortu ziren. Elkarteko kideak hauetan sartu eta jarduera eza izan genuen,” atxiki du Endikak.
“Baina Lasarte-Orian kultura eta gizarte arloan ekimen ugari egin genitzakeela otu zitzaigun eta horretan dihardugu,” esan digu Jose Luis Navarrok.´
Ekintza kulturalak
Elkartearen ekintza kultural nagusiak hiru dira, Musika Topaketak, Giza-balioen hitzaldien zikloa eta Zinema zikloa.
Musika Topaketetara izen handiko taldeak etorri dira lau urte hauetan, baina azken aldian taldeak lortzeko zailtasunak izan dituztela azaldu digu Jesus Marik, “Juventudes Musicales elkartearekin harremanetan jarri behar izan dugu taldeak lortzeko.” Eta martxoan Donostiako Santa Cecilia eta maiatzean Irungo Kabigorri abesbatzak etorriko direla ere aurreratu digu.
Giza-balioen hitzaldiei dagokionez, zikloak 6. jardunaldiak ditu aurten. Giza-balioak familian edo kirolean izan dira aurreko edizioetako gai nagusiak, aurten zoriontasuna izango da hitzaldien ardatza.
Maiatzaren 11tik 14ra, Javier Elzo soziologoa, Xabier Andonegi apaiza edo Patxi Izagirre eta Conchi Medrano psikologoek zoriontasunari buruz hitz egingo dute, Manuel Lekuona kultur etxean, 19:30ean .
“Pena ematen digu, Lasarte-Oriako elkarte eta zentro desberdinek antzeko hitzaldi edo ikastaroak antolatzea,” aitortu digu Jesus Mari Eguizabalek, “ea hurrengo urteetarako denon artean ados jartzen garen.”
Beste ekintzak
Bestalde, elkarteko kideentzako hezkuntza iraunkorra antolatzen dute irailetik maiatzera.
“Ikastaro desberdinak egiten ditugu. Hauetako bakoitzak bederatzi ordutakoa da eta hiru egunetan banatzen ditugu,” azaldu digu Navarrok.
Baina honetaz gain, Erregeen kabalgataren kudeaketa, Jaiotzen lehiaketaren antolakuntza eta Lasarte-Oria aldizkariaren argitalpena ere elkartearen zereginak dira.
Bestalde, Danok Kideko egoitza talde desberdinek erabiltzen dutela ere aipatu digute, esate baterako, gimnasia, yoga edo josketa egiten duen emakume taldea, Nazaret zentroko pilates kurtsoa, eliza ebanjelistari edo EPAko antzerki taldea. “Aste osoan zehar, jendez betea dago,” aipatu du hirukoteak.
Etorkizuna
“Hasi ginenean gurasoak ginen, orain aitona amonak gara,” esan digu Endikak, “belaunaldi berri bat sartu beharko litzateke, 30 eta 35 urte bitarteko gurasoak elkarteko kide egitea litzateke idealena. Baina gazte jendea gauza puntualetarako animatzen da soilik. Badakigu elkartea desagertuko dela, ez baitago gure lekukoa hartuko duenik.”