Foru Aldundiak diru-laguntza kendu die Kultur Errota zirkuitua eta Topaguneari

Txintxarri Aldizkaria 2009ko otsailaren 23a

Topagunea Euskara Elkarteen Federazioak astelehenean salatu zuen Gipuzkoako Foru Aldundiak aurten ez duela Kultur Errota zirkuiturako diru laguntzarik emango, ezta Topagunearen sustapen lanetarako ere. Guztira iaz ia 50.000 euro jaso zituen Topaguneak bi zeregin horietarako, batetik Federaziotik burutzen diren prestakuntza, aholkularitza, zerbitzu eskaintza eta beste lan ildoen garapenerako eta bestetik formato txikiko kultur ikuskizunen antolaketarako.

Ttakuneko ordezkariak Doka Kafe Antzokian eman zen prentsaurrekoan izan ziren eta bat egin dute Topagunearen salaketarekin. Ttakunek eta Topagunean dauden Euskal Herriko beste 87 Euskara Elkarteek adierazi dutenez, Kultur Errota zirkuituko eskaintzari eutsi egingo diote, beste foru aldundien, Jaurlaritzaren, BBK zein Kutxaren babesari esker. Dena den, antolatu ahal izango diren ekitaldi kopurua murriztu egingo da eta Topagunearen Gipuzkoako sustapen plana berregokitu.

Erabaki politikoa

Prentsaurrekoan Topagunearen kezka eta ezinegona jakinarazi zuten Euskara Elkarteen Federazioko ordezkariek eta erabaki politikoa izan dela jakinarazi.
Topaguneko zuzendari Jasone Mendizabal, Arrasate Euskaldun Dezagun elkarteko Maite Agirre, Eibarko ...eta kitto! elkarteko Koldo Mitxelena eta duela hamaika urte sortutako Kultur Errota ekimenean hasieratik parte hartu izan duen Andoni Tolosa Morau kantariak parte hartu zuten agerraldian.
Jasone Mendizabalek adierazi zuen ez dela krisialdi ekonomikoaren ondorio izan: "erabaki politiko kontzientea da, euskara elkarteen kalterako." Topagunearen ustez, Foru Aldundiak jokabidez aldatu eta beste hizkuntz politika-kultur eredua bultzatuko ditu.
Foru Aldundiak lankidetza hitzarmena eteteko erabakiak, Topagunearen iritziz, kolokan eta zalantza jartzen ditu Kultur Errotaren eredu parte hartzailea batetik eta gizarte ekimenetik sortutako euskara elkarteen garapena bestetik. Euskara elkarteetako ordezkariek azpimarratu zutenez oso garrantzitsuak dira elkarteontzat, Federaziotik burutzen diren prestakuntza, aholkularitza, bozeramaletza, zerbitzu eskaintza eta etorkizunerakolan ildoen gogoeta lanak eta, era berean, Topagunearen funtzioa zalantzan jartzeak euskara elkarteen beraien zeregina ere zalantzan jartzea dakarrela azaldu zuten.

Kultur Errota

Kultur Errotari dagokionez, hamaika ediziotan ehunka sortzailek mila eta zazpiehun emanalditik gora eskaini dizkiete Euskal Herri osoko milaka ikus-entzuleri. Ikuskizun guzti hauek ohiko zirkuituetatik kanpo geratzen diren herri zein agertokietan eskaintzen dira. Kultur Errota euskarazko kultur sorkuntza herritarrei hurbiltzeko bokazioz sortu zen eta formatu txikiko kultur eskaintzaren erreferente ukaezina bihurtu da hainbat herritan.
Euskara elkarteetako ordezkariek Kultur Errotak bultzatzen duen kultur eredu parte hartzailea ere nabarmendu zuten, gizarte ekimenetik sortutako egitasmoa dela gogoratuz. “Herritarrak kultur kontsumitzaile hutsak baino, kultur eragile bihurtzea da euskara elkarteen apustua eta Kultur Errota, apustu horretan, funtsezko tresna da.”
Zirkuituak herritarrak kulturgileekin harreman zuzenean jartzeaz gain, euskarazko kultur eskaintza urria zegoen toki batzuetan sarri ekitaldiak edo egitarau finko bat egotea ahalbideratu du. Era berean, kultur sortzaileentzat (ibilbide luzea dutenentzat zein hasi berriak direnentzat) horrelako zirkuituak izateak duen garrantziaren gainean aritu zen Andoni Tolosa Morau kantaria.
Laguntza ekonomikoa finkatzen zuen lankidetza hitzarmen hori Aldundiko Kultura eta Euskara Departamentua eta Topagunea artekoa zen.

Atxekimenduak

Topaguneak batetik, Gipuzkoako Batzar Nagusietan ordezkatuta dauden alderdiekin biltzeko asmoa du. Bestalde, babes adierazpenak jasotzeko ekimena ere jarri du abian www.topagunea.org gunean.
Topagunea Euskara Elkarteen Federazioa 1997an sortu zen, eta Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako 88 Euskara Elkartek osatzen dute. Elkarteon zein Federazioaren beraren helburua euskararen erabilera sustatzea da.

Zeregin ezberdinak

Horretarako, hainbat esparru lantzen dituzte, hala nola haur eta gazteen aisialdia, kulturgintza, tokiko hedabideak, mintzapraktika, entitateak euskalduntzea eta sentiberatzea.
Topaguneak ez du ulertzen nola Aldundiak erabaki duen ez babestea euskararen erabilera bultzatuz euskaldun komunitate trinko eta zabal bat antolatzeko xedearekin lanean diharduten Euskara Elkarteen lana. Ikuspegi eta helburu hori dute Topaguneko 88 bazkideen ekimen guztiek.•