Familiatan euskararen erabilera indartzeko bideak izango dira gai nagusia, eta udaletan euskararen alorrean ari direnen jarduna hobetzea dute helburu Udaltop jardunaldi hauek. Horretarako herri bakoitzeko esperientziak elkartrukatu eta bide berriak irekitzeko aukerak aztertuko dituzte.
Lasarte-Oriako Udalak antolatuko du Euskal Herriko osoko euskara teknikari eta euskararen normalkuntzan ari direnentzat eta izena emateko epea martxoaren hasieratik aurrera izango da zabalik www.udaltop.com webgunean.
Euskal Herriko udaletxeetan euskara zerbitzuetan lanean dihardutenak Lasarte-Orian elkartuko dira maiatzaren 7 eta 8an burutuko diren Udaltop Topaketan. Lasarte-Oriako euskara zerbitzuaren ekimenez antolatuko da Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura eta Euskara Departamentuarekin batera. Eusko Jaurlaritza eta Eudel ere laguntzaile dira eta erakunde guzti hauetako ordezkariek aurkeztu zuten aurreko astelehenean Donostian: Maria Jesus Aranburu Kultura diputatuak, Lasarte-Oriako zinegotzi Ricardo Ortegak, Patxi Baztarrika Hizkuntza politikarako sailburuordeak eta Eudelen baitan Euskara Planen ardura duen Jokin Azkuek.
Denetariko errealitateak
Antolatzaileen ustez, udal bakoitzeko euskara zerbitzuen errealitatea eta ibilbidea argi dago desberdina dela eta beraz interesgarri jotzen dute elkarrengandik ikastea, hau da, euskara-zerbitzuen esperientziak trukatzea, esperientzia horiek nola hobetu hausnartzea eta esperientzia berriak elkarlanean abiatzea. "Bigarren helburua da, egiten ari garenaz hausnartzea, nahiz eta horretarako lehendabizikoa ere bidelagun izan, esperientziak elkartrukatzea alegia. Hirugarrena, berriz, elkarlanarena, beste aldagai askoren ondorio izango da, izatekotan".
Izen-ematea
Aurten lehen topaketa egin eta Udal Euskara zerbitzuak jardunaldiak urtero burutzeko asmoa du.
www.udaltop.com web orrialdean eskainiko da informazio zabalagoa. Bertan da egitaraua, laister jarriko dira eztabaidatuko diren gaiei buruzko txostenak. Matrikula ere web orrialdearen bidez egingo da, martxoaren hasieratik aurrera, eta gehienez 120 lagunentzako tokia dagoela jakin arazi nahi dute.
Nagusiki, euskara teknikariei zuzenduta dago Udaltop topaketa baina euskararen normalkuntzaren alorrean dihardutenek parte hartzeko aukera zabalik izango dute. •