Andaluzia eguna ospatuko da asteburuan

Txintxarri Aldizkaria 2009ko otsailaren 25a

Larunbata otsailaren 28a, Andaluzia erkidegoarentzat eta, batez ere, bere herritik kanpo bizi diren milaka andaluzentzat egun handia da, Andaluzia eguna.
Gure herriko Semblante Andaluz elkarteak hainbat ekitaldi antolatu ditu egun seinalatua ospatzeko.

Luna eta Arena Fina

Ostiralean, Jose Luna eta Arena Fina taldearen emanaldia antolatu da Manuel Lekuona kultur etxeko aretoan. Flamenkoaren egungo freskotasuna eta indarra talde honetako lanean antzematen da. Indar handiko emanaldia eskaintzen dute, non musika eta elementu eszeniko garaikideak batzen dituen. Jose Luna eta Arena Finaren zuzenekoa flamenkoaren unibertsaltasun eta egungo artistek bere lanetan txertatzen dituzten adierazpen modu desberdinen isla da. Sarrerak 4 eurotako balioa du.

Andaluzia eguneko ekitaldiak

Semblante Andaluzek antolatutako ospakizunetako ekitaldi nagusiak Andaluzia egunean bertan, hau da, larunbatean burutuko dira.
Eguerdian, Arantzazuko Amabirjinaren parrokian Semblante Rociero abesbatzak girotutako meza ospatuko dute.
Ospakizunak elkartearen egoitzan izango du jarraipena. Ohorezko ardoan eta, ondorengo, bazkari herrikoian Andaluzia erkidegoko produktuak eta sukaldaritza dastatzeko aukera izango da.
Arratsaldean, berriz, elkarte kulturaleko txikien txanda izango da, Duende Flamenko dantza taldearen emanaldia burutuko baita. Eta egun garrantzitsua honi amaiera emateko, Semblante Rociero abesbatzaren laguntzaz, Andaluziako Ereserkia abestuko dute.