Ba al zenekien itzulpenak eskatu ditzakezula Internetez? Eta euskaraz ikasteko diru laguntzak dituzula? Eta... www.buruntzaldea.org

Txintxarri Aldizkaria 2009ko ots. 26a, 01:00

www.buruntzaldea.org herritarrentzako webgunea da. Buruntzaldeko Udaletako Euskara Zerbitzuek lehendik zeukatena berritu dute eta informazio ugari jarri dute sarean. Helburu nagusia da, herritarrek euskararekin zer ikusia duten gaien inguruko gune bat izatea beren zalantzak eta beharrak asetzeko. Webgunean informazio praktiko asko dago, besteak beste, eskualdean abian jarri diren egitasmoei buruzkoa, euskararen inguruko albisteak, diru laguntzak, itzulpen zerbitzua, merkatarientzako materialak, ikastetxe, euskara elkarte eta komunikabideen datuak eta baita bitxikeriren batzuk ere, denak euskararen inguruan eta eskualdeka herritarren eskura.

Askotan tokatzen da testuren bat itzuli nahi eta ez jakitea nora jo; edo abizenak euskaratu nahi eta ez jakitea zer egin; edo herrian dauden euskaltegietako informazioa behar izatea eta ez jakitea non begiratu. Hain zuzen, horrelako zalantza asko eta asko erantzuteko zerbitzu berria dago eskualdean. Izan ere, Buruntzaldeko Udaletako Euskara Zerbitzuek www.buruntzaldea.org webgunea berritu dute, gisa honetako informazioa herritarren eskura jartzeko.
Webgunean honako informazioa azaltzen da, etengabe berritzen ari dena: eskualdean martxan jarri diren euskararen inguruko egitasmo asko eta askoren berri, jaso daitezkeen diru laguntza ugariren berri, itzulpenak eta hizkuntz zalantzak argitzeko zerbitzua, eta abar luzea.

Euskara indartzeko egitasmoak

Webgunean sartuz gero, lehenengo pantailan, Euskara eta Kirola azaltzen diren horretan, Euskara atalean klikatuz gero, Buruntzaldea euskaraz orrian sartuko zara. Lehendabiziko kolpean pantaila bete aukera topatuko duzu, hiru atal nagusitan banatua.
Pantailaren atal nagusia Euskaraz bizi atalak hartzen du; hor azaltzen dira euskara sustatzeko eskualdean martxan jarri diren egitasmo asko eta asko. Egitasmoen gainean, Albisteak atala dago, eskualdean euskararen inguruan izan diren azkeneko berriak ikusteko aukera ematen duena. Eskubiko zutabean, goitik behera, hainbat eta hainbat sail azaltzen dira, esate baterako: Diru laguntzak, Bestelako laguntzak eta Ikasi eta erabili atalak.

‘Euskaraz bizi’

Euskaraz bizi atalean, izenak dioen bezala, propio euskararen erabilera sustatzeko martxan jarritako 12 kanpaina azaltzen dira. Egin diren guztiak ez dira hor azaltzen, baina bai nagusiak edo oraintxe martxan daudenak. Honelakoak dira, Eska ezazu haragia euskaraz!, Lan munduko euskara planak, Apelliduak abizendu, edo Eskatu ogia euskaraz. Oraintxe bertan indarrean dagoen egitasmoa, kasu honetan SMSak euskaraz, Pil-pilean atalean dago, goiko aldean eskubitara.
Horietakoren batean klikatuz gero, egitasmoari buruzko informazio zabala azalduko da; esate baterako, Apelliduak abizendu atalean, abizenak euskaratzeko non begiratu esaten du, prestatu behar diren agiriak, eta non eskatu behar den bakoitza; eta azkenik, nora jo behar den.

Albisteak laburrean

Goiko aldean, Albisteak atalean, eskualdeko euskararen inguruko azkeneko albisteak azaltzen dira, esate baterako, duela gutxi Usurbilen hizkuntz kexak eta zoriontzeak jasotzeko kutxak jarri dituztela esaten duena.

Laguntzak eskubian

Eskubiko zutabean, besteen artean, euskararen inguruko diru laguntzen zerrenda dago: euskara ikasteko, udako ikastaroak egiteko, errotulu komertzialak jartzeko eta euskara planak martxan jartzeko. Jakina, eskualdeko udalek beren irizpide propioak izaten dituzte diru laguntzak emateko garaian, beraz, diru laguntza bakoitza udalerri bakoitzaren arabera begiratu behar da. Bakoitzak dagokion udalean klikatuz gero, jakingo du besteak beste, udalak zertan laguntzen duen eta nork jaso dezakeen laguntza.

Itzulpen zerbitzua

Diru laguntzak ez diren laguntza praktikoak ere badira, esate baterako, itzulpen bat behar izanez gero, Itzulpenak atalean klikatu eta itzuli nahi den testua sartzeko aukera dago; itzuli ondoren, bueltan etorriko zaio herritarrari.

‘Aholkularitza’

Aholkularitza zerbitzuan, edozein delarik gure eskaera, adierazi eta berehala erantzungo dute zer egin, nora jo, nola itzuli, edo dena delakoa.

‘Ikasi eta erabili’

Ikasi eta erabili atalean eskualdeko euskaltegien zerrenda, bakoitzak eskaintzen dituen zerbitzuak, euskara ikasteko eta hobetzeko dauden egitasmoak eta eskualdean euskaraz egin daitezkeen aisialdirako ekintzen zerrenda azaltzen da.

Euskararen inguruko datuak eta euskara erabiltzaileak

Datuak eta eragileak atalean, eskualdeko datu soziolinguistikoak azaltzen dira batetik; bestetik, hizkuntzaren erabileran eragile edo bultzatzaile aktiboak direnen zerrenda eta datuak daude, hain zuzen, eskualdeko ikastetxe, euskara elkarte eta herri komunikabideena.

Bitxikeriak

Ba al zenekien? atalean euskara sustatzeko egitasmo interesgarriez hitz egiten du, ez dutenak zertan eskualdekoak izan; hain zuzen ere, orain Sakeleko telefonoentzako erremintak atalean, besteak beste, melodiak, mezuak bidaltzeko hiztegia, edo euskara-gaztelera/gaztelera-euskara hiztegia mugikorrean
jartzeko aukera ematen du.

Informazio osagarria

Eskubiko zutabearen goi-goian Buruntzaldeari eta bere egitasmoei buruzko informazio orokorra azaltzen da. Baita ere, bertan egiten diren planei buruzko informazioa; euskararen normalizazioan gehiago sakondu nahi duen teknikari eta herritarrentzako.