Errausketa ala atez ateko bilketa: zer diote alderdiek?

Txintxarri 2009ko otsailaren 26a

Martxoaren 1eko hauteskundeen aurrean, Errausketaren Aurkako Plataformen Koordinadorak alderdi politikoei eskatzen die hondakinen kudeaketaren inguruan duten jarrera argi azal dezatela.
Euskal Autonomia Erkidegoan hondakinen gaiaren inguruan bizi dugun unea garrantzitsua da, batetik Bizkaian hiri hondakinak errausten dituen Zabalgarbi enpresa pribatua komunikabideetan agertu berria delako. Badirudi zaborrak erretzez gain espekulazio ekonomikoetan sartuta dabilela eta horretan oraingoan diru asko galdu duela. Bestalde azken urteetan pil-pilean dago Gipuzkoan erraustegien gaia; hainbat lekutan kokatu nahi izan dituzte, inguruko biztanle eta herri guztiak kontra agertu arren; azkenean Zubietan jartzeko pausuak ematen ari dira Erakundeak, inguruko herrien aurkako jarrera kontuan hartu gabe.

Hondakinen euskal legea
Bestalde, Koordinadora honek bultzatuta, 30000 sinadura bilketa abiatu berri da, Hondakinen Euskal Legearen egitearen alde, non jasoko den errausketa ez dela inolaz izango prozesuaren parte eta Udalerriak behartuko dituen zabor poltsaren osagai guztien gaikako bilketa indartua egitera. Sinadura bilketaren epea apirilaren 30ean amaitzen denez, Legea hauteskunde hauetatik irteten den Legebiltzarrak eztabaidatu beharko du, eta nahitaezkoa da hauteskunde aurretik jakitea bozkatuta izan daitekeen alderdi bakoitzak ze asmo duen errausketa eta atez ateko bilketaren inguruan.
Kontuan izan behar da gaur egungo bilketa sistemaren bidez inon ez dela %35a baino gehiago birziklatzea lortu eta EAEko kasuan birziklatutako kantitatea oraindik handitu badaiteke ere kasurik onenean parterik handiena ez dela birziklatuko. Aldiz Kataluniako eta Mallorkako hainbat herri eta hirietan atez atekoa ipini zutenetik %80a birziklatzen ari dira.

Ontzien legea
Gainera, mundu guztiak onartzen du birziklatu aurretik hondakinak gutxitu beharra eta honetarako besteak beste berrerabilpena indartu beharra. Legebiltzar honen lana izan beharko luke datorren legealdian Ontzien Legea egitea, non jaso beharko duen nola ontziratuko diren gaiak ahal den alferrikako material gutxien erabiliaz honetarako, ze material erabili hondakinen tratamendua errazteko bidean, zer egin erabilitako ontzi horiekin (berrerabili, birziklatu…)

Hondakinak zero
Aurreko guztiaren helburua hauxe izan beharko luke: hondakinik ez sortzea. Mundu osoko hainbat herrialde eta hirietan - Zelanda Berria, Danimarka, Camberra (Australia), Seattle, San Francisco eta Santa Cruz (AEB), Ottawa eta Ontario (Canada), Buenos Aires eta Rosario (Argentina) helburu horren atzetik lanean ari dira azken urteetan.
Hauteskunde kanpainan ari diren alderdiek diotenez, beste hainbat gaietan punta puntako herria izan nahi baldin badugu (teknologia, zerbitzuak, komunikazioak…), osasunarentzat, ingurugiroarentzat eta ekonomiarentzat hain garrantzitsua den honetan, zergatik geratu behar dugu besteen atzetik!

Errausketaren aurkako Gipuzkoako Plataformen kordinakundea