Larrosak eta urrezko botoak azken txanpan

Txintxarri Aldizkaria 2009ko otsailaren 26a

Kanpainako azken egunera arte boto eske aritzeko asmoa dute alderdi politikoek, eta hala egiten ari dira Lasarte-Orian ere. Asteazkenean merkatua bisitatu zuten PSE-EEko hainbat kidek, Iñaki Arriola Gipuzkoako hautagai zerrendako lehena buru zutela. Larrosak banatzen aritu zen Arriola, besteak beste Ana Urchueguia alkatea, Jesus Zaballos zinegotzia eta Rafaela Romero Gipuzkoako Batzar Nagusietako presidentearekin.
Lasarteoriatarrei “aldaketaren mezua” zabaltzera etorri zela esan zuen Arriolak. Langabezia eta ekonomia aipatu zituen EAEko datozen legegintzaldirako erronka gisa, eta udalei “solidaritatea” eskaini zien, krisia dela eta haien diru-sarrerak murriztu direlako.

Urrezko botuak

Krisi garaian urrea estimatua da, ez du baliorik galtzen. Ezker abertzalea, batetik D3M ko hautagaiak epaileek hauteskundetatik kanpo utzi dituela eta hauteskunde antidemokratiko batzuen atarian gaudela salatzen dihardu baina bestetik botuek urrezko balioa dutela aldarrikatzen ari da Euskal Herriak krisi bikoitza bizi duen garaian, batetik “hainbat familia jasaten ari den ekonomia krisia” eta bestetik politikoa, “agortua den Gernikako estatutuan oinarria duena”.
Beraz krisi garaian arduraz zein baikortasunez jokatu eta urrean inbertitzeko proposatzen dute ezker abertzalekoek, zera aldarrikatuz, D3M dela urrezko bozka hauteskunde hauetan: "Milaka dira urrezko bozka emateko arrazoiak. Gure asmoa, krisi garai hauetan argi izpi bat jartzea da. Urrean inbertitzea, Ezker Abertzalean inbertitzea, Euskal Herrian inbertitzea da".
Asteartean Okendon elkartu ziren Ezker Abertzaleko herriko kideak, bizi duten egoera salatu eta urrezko botuak eskatzeko.