Bizitzari buruzko hausnarketak gaur Jalgin

Txintxarri Aldizkaria 2009ko otsailaren 27a

Bizitzeko leku perfekturik ba ote dagoen galdetzen diote elkarri Gilkitxaro antzerki taldeko pertsonaiek, Luluk eta Elmerrek.
Mendebaldeko pertsonentzat etxebizitza baten jabe izatea ezinbesteko bihurtu dela uste dute eta egoera aztertzeko tokian toki eta lekuz leku esperimentatzen ari dira.
Baina etxebizitzak alaitasuna, jakinduria, maitasuna, dibertimendua eta adimena ordezkatu dituela uste dute eta egoera honi aurre egiteko, Lulu eta Elmerrek beren sistema enpirikoa sortu dute: bizitza.

Honolulu leku bat

Kerra Gabikagogeaskoaren zuzendaritzapean, Ane Zabala eta Galder Perez aktoreek, obra "arina" prestatu dute, Honolulu leku bat.
Pertsonaiak askatasuna eta norbanakoaren independentziaz mintzo dira, poesiatik eta absurdutik gertu dagoen antzezlan honetan.
Elkarrizketa, komikotasuna, mugimendu koreografikoak eta musika, hau guztia, iluna den gaiari argitasun pixka bat emateko.
Honela, Jalgi kafe antzokira gaur 22:30ean hurbiltzen diren ikusleekin partekatuko dituzte Lulu eta Elmerrek bere hausnarketak.