Mozorro-desfile bateratuak inoiz baino jende gehiago erakarri du Inauterietara

Txintxarri Aldizkaria 2009ko mar. 1a, 01:00

Mozorroak, musika, herritarrak... eguraldiak berak ere ez zuen huts egin. Lasarte-Oriako konpartsak oso pozik agertu dira aurtengo Inauterien biharamunean. Desfile bateratuak fruituak eman ditu, eta inoiz baino jende gehiagok hartu du parte aurtengo mozorro festan; konpartsen baitan eta baita kaleetan ere. Horrenbestez, datorren urtean desfile bateratua egiten jarraitzeko prest agertu dira.
Ttakun elkarteak lehen aldiz hartu zuen parte desfilean, zirku erraldoiarekin. Garbi adierazi dute borondatea izanez gero erraza dela herriko kaleetara musika eta kolorea ekartzea Inauterietan: “Aurten zerbait berezia gertatu da. Antolaketa minimoarekin eta Inauteriak duen desmadre punttuarekin kaleak jendez josi ziren larunbata arratsaldez”. Sentitu, pentsatu, egin! leloa “inoiz baino garbiago” entzun dela ere esan dute Ttakunetik: “Parte-hartze itzel hau haur, gazte eta ez hain gazteek, denek elkarrekin. Hori ere ez da erraza izaten.”
Ibilbidean lagun izan zituzten gainontzeko kideak goraipatu dituzte Ttakun elkartean. Horrez gain, eskerrak eman dizkiete haien deialdiari erantzunez zirkua gai hartuta kalera atera ziren lagun guztiei: Jalguneko eta Zabaletako pailazoak, Ludotekako animaliak eta domadorea, Gazte Klubeko magoak eta gimnastak, Kuadrillategiko malabaristak, Famako dantzariak, gazte lokaleko kideak, “azken modeloko karabana estreinatu berria”, mago eta untxi familia, “Toninitarren akrobazia numero bikainak”, Ijitu mozorroekin atera ziren lagunak... Baita balkoiak apaindu zituzten lasarteoriatarrei ere. “Aipu berezia, musika eskolatik etorritako lagunei. Eta guztien gidari, zirkuko pista zuzendari bikotea. Bikain aritu zen ordubete baino gehiago iraun zuen ekitaldia aurkezten”, gaineratu dute.

Ijituak, karroza eta guzti
Ttakuneko zirkuaren baitan ijitu mozorrotuta atera zen guraso talde bat. Bertako kide da Arantxa Iturriza: “Lehendik erabakita geneukan ijitu mozorrotzea. Gero Ttakunekoek esan ziguten zirkuarena egiteko asmoa zeukatela, baina guk ordurako erabakita genuen”. Pailazo, animalia eta besteekin ijituak joan ziren karroza eta guzti, beraz.
Iturrizak dioenez, aurreko urteetan ere atera izan dira mozorrotuta Lasarten. Hau izan dute lehen urtea desfilean, ordea: "Aurreko urteetan baino jende gehiago zebilen, bai gu ikusten eta baita mozorrotuta ere".
Hurrengo urtean ere desfilean ateratzen jarraitu nahi dutela diote beraz, nahiz eta ibilbidearen antolaketa hobetu beharra aipatu duen: “Pixka bat galduta ibili ginen. Desfile guztia azken postuan egin genuen. Esana ziguten Ttakunekoak atzetik joango zirela, baina gure atzetik ez zen inor pasa azkenean".

Aurtengoa, onena...
Emakumeen Zentro Zibikoko eta Erketzeko kideak desfilean aurrez ateratakoak dira. Beste urteetakoekin alderatzerik badute, beraz, eta aurtengoa onena izan dela diote.
Emakumeen Zentro Zibikoak, esaterako, bost urte daramatza Inauterietan Lasarte-Oriako kaleak alaitzen. Bertako kide Maite Iglesiasen arabera, aurtengoa “oso positiboa izan da, guztiak elkarrekin atera garelako. Oso ondo joan da eta gainera eguraldiak lagundu du". Desfilea bateratua izanik, dibertigarriagoa eta entretenigarriagoa izan dela dio, "baita herritarrentzat ere". Etorkizunean ere konpartsa guztiak elkarrekin atera beharko liratekeela uste du, helburua "herria girotzea" delako, eta horrela errazago lortuko dutelako.
Konpartsa guztiak elkarrekin ateratzearekin ez ezik, aurten egindako ibilbidearekin konforme agertu da Iglesias. Besteak beste, Kale Nagusiko zaharren egoitzan geldialdia egin izana azpimarratu du: "Mugitu ezin direnei ere gerturatu egin dizkiegu Inauteriak".

...baina badago zer hobetu
Erketz konpartsakoek ere desfile bateratua “herriarentzako politagoa” izan dela uste dute. Bertako kide Ruben Arranzek esan duenez, Inauteriei buruzko erabakiak denek elkarrekin hartu behar izatea kosta egiten da, baina aurtengoa errepikatzeko modukoa dela uste du. Hala ere, antolaketa aldetik badagoela zer hobetu dio. Errepide bakarra izanik, horrenbeste jende kalera ateratzeak “kaosa” eragin zuela aipatu du, eta “udaltzain gutxi” egon zirela. Dena dela, Arranzek esan bezala, “egun bateko gauza da, denok gogoa jarriz gero erraza izango da”.•