Errausketarik gabeko hondakinen kudeaketa osasuntsuaren aldeko gizarte-mugimenduak, azken sei urteetan lan handia egin du Gipuzkoan eta neurri apalagoan Bizkaia, Araba eta Nafarroan.
Gizarte mugimendua hondakinen errausketaren aurka dago; hiri hondakinen arazoa konpontzeko modu hau ez da egokia, arazoa bera larria izanik ere "erabili eta bota" egiten duen jendarte honetan.
Gizarte mugimendua hondakinen aprobetxamenduaren alde dago, lehengai oso garrantzitsuak izango direlako birziklatu ondoren (gure zabor-poltsaren %95a birziklagarria da), planetako baliabideak epe erdi eta luzean gutxitzen doazen neurrian.
Gizarte-mugimendu honek ez du errausketa onartzen hiri hondakin solidoen tratamendu moduan. Egiten diren ikerketek ezin dute ziurtatu zaborrak (hondakin desberdinen nahasketa) erretzean sortutako emisioak ingurugiroan eta pertsonen osasunean eraginik ez dutela. 2008ko martxoko Frantziako Osasun Publikoko Institutu Nazionalaren (InVS) txosten batek dio, erraustegien inguruan bizi diren pertsonengan hainbat minbizi mota (linfoma, mieloma, ehun bigunen sarkoma, bularrekoa) sortzeko arriskua asko handitzen dela. Horregatik gure ustez aipaturiko tratamendua ez da egokia Autonomi Erkidego honetan.
Gizarte mugimendu honek legearen eta arrazoiaren bidez frogatu du administrazio desberdinetatik inposatu nahi ziren proposamenak ez zirela zuzenak, argudio sendoak ditugula ingurugiro osasuntsu eta jasangarriaren alde. Gure borrokak kokapen ugari eta hauen "txosten teknikoak" ezabatu ditu (Txingudi, Urnieta, Aritzeta, Landarbaso). Hitzaldi, eztabaida, alegazio, sinadura bilketa, inkesta, eta abarren bidez hondakinen kudeaketaren inguruko iritzi publikoa sortzea lortu dugu.
Ezin hala ere ahaztu azken kokapena Zubietakoa dela.
Gizarte mugimendua aurrera doa bere bidean, inoiz ez genuen hainbesteko erronkarik hartu, EAErako Hondakinen Lege Proposamena, hutsune legal bat betetzeko helburuarekin, hondakinen kudeaketa modu planifikatu eta osoan hartuz eta gaur egun arteko Erakundeen gaitasun eza salatuz.
Gizarte mugimendu honek galdetzen die martxoaren bateko hauteskundeetan parte hartuko duten alderdiei Lege honekiko jarrera argi azal dezaten. Haiek izango dira guk planteatu dugun Hondakinen Lege Proposamena eztabaidatuko dutenak Gasteizko Legebiltzarrean, haiek aztertuko dituzte hiri hondakinei buruzko beste zenbait tratamendu alternatibo, erkidegoko biztanleok merezi dugun gardentasunarekin, espero dugu.
Oiartzun K.E.!
(Errausketaren aurkako Oiartzungo Plataforma)