01_PSE-EEk lortu du boto gehien Lasarte-Orian, alde handiz

Txintxarri Aldizkaria 2009ko martxoaren 1a

PSE-EEk 3.816 boto eskuratu zituen Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan; botoen %46,47a, alegia. Duela lau urte 3.655 botoren jabe egin zen PSE-EE Lasarte-Orian, eta beraz, gutxi bada ere gora egin du aurten. Gainontzeko alderdiei dagokienez, EAJk 2.092 boto lortu ditu (%25,47), PPk 991 (%12,07), Aralarrek 528 (%6,43), Ezker Batuak 279 (%3,40), EAk 226 (%2,75) eta UPyDk 175 (%2,13). Bestalde, 105 boto zuri izan dira (%1,15).
Baliogabetzat jotako botoak, aldiz, 817 boto izan dira; %8,97, alegia. Horietatik gehientsuenak legez kanpo utzitako Demokrazia Hiru Milioi alderdiarenak lirateke, duela lau urte 20 besterik ez baitziren izan baliogabetutako botoak.
Eusko Legebiltzarrerako aurreko hauteskundeetako emaitzekin alderatuta, abstentzioak gora egin du Lasarte-Orian. Aurten 5.141 lagunek erabaki dute botoa ez ematea, duela lau urte 4.895 izan ziren bitartean.