Beste batzuetan ospakizunak asteburu osoan luzatzen badira ere, aurten larunbatean, Andaluzia Egunean bertan, egin zuten ia dena, hauteskundeak zirela eta. Hala ere, aurreneko emanaldia ostiral iluntzean bertan izan zen. Jose Luna eta Arena Fina laukoteak flamenko doinuz bete zuen Manuel Lekuona kultur etxea, bertaratu ziren guztien gozamenerako.
Larunbatean, berriz, Arantzazuko Amaren parrokiako mezan parte hartu eta gero, handik aurrerako ekitaldi guztiak Semblante Andaluzek Golf plazan duen egoitza koloretsuan izan ziren.
Ardoa, bazkaria, dantza...
Gipuzkoan Andaluziako hiru elkarte ofizial besterik ez daude; Arrasatekoa, Errenteriakoa eta Lasarte-Oriakoa bertakoa. Semblante Andaluzek herriko nahiz inguruetako bazkide mordoa du, beraz. Horrenbestez, larunbatean 13.30erako jendez lepo zuten egoitza, guztiak ohorezko ardoa hartzeko prest. Horien artean zen, besteak beste, Ana Urchueguia alkatea.
Horrela azkar etorri zitzaien bazkaltzeko ordua. Txerriki iberikoak, legatza eta haragia, Errioxako ardo gorriz bustiak. Antonio Pedraza elkarteko presidentearen hitzetan, “euskal menu tradizionala” prestatzea erabaki zuten, bazkaltzera geratu ziren 115 lagunen artean asko ez zirelako Andaluziakoak, nahiz eta herri harekin nolabait lotura izan.
Bazkalostean are gehiago bete zen egoitza, ia lehertzeraino, azken ekitaldirako. Lau eta hamabi urte arteko dozena bat neskatok dantza emanaldia egin zuten. Elkarteko bazkideen alabak dira; denbora gutxi daramate flamenko eskolak hartzen, eta asko jota astean ordu eta erdiz entseatzeko aukera besterik ez dute. Hala ere, flamenko eta rumba ikuskizun bikaina eskaini zuten, senideen Ole! eta argazki flashen artean.•