Herriko judoken asteburu oparoa

Txintxarri Aldizkaria 2009ko martxoaren 5a

Lasarte-Oriako Kirol Elkarteko judoka gazteak indartsu segitzen dute eta asteburu emankorra izan dute.
Kadete mailakoak lau domina eskuratu dituzte Murtzian Borroka modalitateko Espainiako txapelketan, Landaberriko haurrak hirugarrenak izan dira Gipuzkoako txapelketan eta Beñat Elizalde 23 urte azpiko txapeldunak maila ona erakusten jarraitzen du. Izan ere, Espainiako Kluben arteko ligaxkan ari da Hondarribiko Ama Giuadalupeko taldearekin eta liderrak dira lehia guztiak irabazi eta gero.

Espainiako Borroka txapelketa

Kadete mailako lau judoka lasarteoriatarrek parte hartu dute Espainiako Borroka modalitateko txapelketan eta laurak itzuli dira domina banarekin.
Aurreko asteburuan Murtzian jokatu zen lehiaketa honetan Leire Zubizarreta Espainiako txapeldunordea izan zen eta Amaia Curiel, Esteban Martinez eta Mario Garrido hirugarrenak.
Lau kirolari joan eta lau domina ekarri dituzte. Pozik beraz herritarrak. Gorka Aristegi entrenatzaileak adierazi digu asteburu bikaina izan dela, "oso pozik gaude lortu ditugun emaitzekin. Aipatu behar dugu neskentzako jasotzen dugula Lasarte-Oriako Udaletik diru-laguntza eta hor daude emaitzak. Leire Zubizarreta txapeldunorde eta Amaia Curiel hirugarren".

Taldekako txapelketa

Haurren mailan bestalde, taldeka Gipuzkoako txapelketa jokatu zen Donostian eta Landaberri ikastolako mutilek brontzezko domina lortu zuten.
“Oso ondo aritu ziren eta txapeldun geratu zirenei irabazi eta gero hurrengo lehiak galdu eta azkenean hirugarren geratu ziren,” aipatu digu judoka gazteen entrenatzaileak.

Elizalde sasoi onean

Bestalde Beñat Elizalde 23 urte azpiko Gipuzkoako txapelduna oso maila onean ari da borrokatzen eta asteburu honetan Madrilen izan da Espaioniako kluben arteko ligan lehaitu zen Ama Guadalupeko taldearekin.
Elizaldek borrokaldi guztiak irabazi zituen eta Hondarribiko taldea lehenengoa da liga honetan. Beraz emaitza onak pilatzen jarraitzen du 21 urteko herritarrak.
Martxoan 23 urtez azpiko Euskadiko txapelketan parte hartuko du eta apirilean Espainiakoan.
Gorka Aristegik adierazi digu oso "harro" daudela maila ezberdinetan lortzen ari diren emaitzekin, denei "zorionak" baina "lanean jarraitu" behar dutela dio ondorengo asteetan beste zita batzuk dituzte eta.