Hip hop eta irudien nahasketa Papiro...flexian

Txintxarri Aldizkaria 2009ko martxoaren 5a

Papiro...flexia Circle of trust hip-hop dantzak eta Logela multimediaren musikak eta bideo-sorkuntzak osatzen dute. Dantzariek dantza indartsu eta denbora errealean sortutako irudien sinkronizazioa uztartzen dituzte. Abiapuntua folio zuria da, tolestuz sormenezko milaka konbinazioa erakusten dituena.
Hau da gaur arratsaldean 20:00etatik aurrera ikusi ahalko den ekitaldia.

Dantza sustatu

Papiro...flexia asteazkenean aurkeztu zen Lasarte-Oria Dantzan 2009 barruko ekintza da. Prentsaurrekoan Jone Altuna Kulturako batzorde burua, Xabier Goitia kulturako teknikaria eta Iñaki Landa dantzako irakasleak egitasmoari buruz hitz egin zuten.
Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako hainbat agertoki hartzen dituen Dantza Garaikidearen V. Zirkuituari esker, Lasarte-Orian bost dantza emanaldiz gozatzeko aukera izango da martxoan hasi eta azaroa bitartean.
Xabier Goitiak azaldu zuenez, “Papiro...flexia da lehenengoa, maiatzaren 15ean Concierto Desconcierto emanaldian musika eta dantza uztartuko ditu Entremans dantza taldeak, maiatzaren 29an Ertza taldearen Zoo pizti trajedunak, urriaren 23an Lur Sagar Biarritzeko Junior Balletak eskainia eta azaroaren 20an Tondo Redondo 0 eta 4 urte arteko umeentzat bereziki prestatutako saioa da.”
”Ekimen honen helburua dantza sustatzea da,” adierazi zuen Jone Altunak prentsaurrekoan, “dantza sustatzea ahalegin handia da eta guztion gustuko diziplina izatea nahiko genuke.”
Horretarako, Udala herriko dantza taldeekin, Lasarte-Usurbil Institutoarekin eta hainbat elkarterekin harremanetan jarriko dela aurreratu zuen. “Gazteak dantzara gerturatu nahi ditugu, baita herriko talde eta elkarteak ere,” aipatu zuen.
Iñaki Landak “dantza minoritarioa da, baina ez da esklusiboa” azpimarratu zuen eta “ikuskizun hauek ez dira jakitunak ikustekoak, edonork uler ditzake,” atxiki zuen. Hurrengo urtean ekimenak jarritzea espero duela ere adierazi zuen, “hau hasiera da eta bost ekarri dira, espero hurrengo urtean zenbakia bikoiztea.”

Bonoa

Horretaz gain, jendea dantza ikustera anima dadin bost emanaldietarako balioko duen 18 eurotako bonoa salgai egongo da Manuel Lekuona kultur etxean. Bestalde, ekitaldi bakoitzeko prezioa 6 eurotakoa izango da. •