Joxe Usabiaga Lasarte-Oria bizilagunen elkarteko kidea izan zen auzo elkarteen ordezkaria eta harekin hitz egin dugu hauen kezkak ezagutzeko. “Iaz baino denbora gehiago izan dugu gure kexak mahai gainean jartzeko, zaharrak zein berriak eta ez dugu erantzun garbirik izan,” adierazi digu Joxek.
Kexak
“Garraioari dagokionez, lau urte daramatzagu horrekin eta oraindik gauzak konpontzeko daudela esan digu Iñakik. Eta, gainera, ospitalera autobusa jartzea zail ikusten duela. Gero eta lasarteoriatar gehiago doa ospitalera, langileak edo kanpo kontsultara doazenak. Egun bi autobus hartu behar dira eta hori ez da aurrerapena. Guk geurean jarraituko dugu lortu arte,” esan digu.
Ondoren, Oztabideko elkartekoek lapurreten berri galdetu dutela azaldu digu, “bizilagunak oso kezkatuak daude bertan izan baitira lapurreta gehien. Erantzuna batak bestei errua botatzea da, Udalak ertzainei eta ertzainek udalari. Aurreko astean ertzainekin hitz egin eta hau lapurrentzat paradisua dela esan ziguten”.
“Bestalde, udalak urrian Loidi Barreneko Babes Ofizialeko etxeak abenduan edo urtarrilean eraikitzen hasiko zirela esan zuten. Martxoan gara eta oraindik ez dira hasi. Luzerako joango dela dirudi gainera. BOEekin oso mugatuak dituzte irabaziak eta horregatik izan daiteke. Haiek krisiari egozten diote,” aipatu du Usabiagak.
Eskaerak
Beste puntuak eskaerak izan direla azaldu digu, “batetik agenda 21eko bileran Mitxelineko aparkaleku hutsak alokatzeko eskatu genuen. Hauetako erdia baino gehiago hutsak daude eta horiek herriko diruarekin mantentzen dira. Saltzen ez baldin badira eta alokairuekin lortu daiteke zerbait. Hiru hilabete pasa dira bileraz geroztik eta ezer ez da egin.”
Eta honela jarraitu du, “Zumaburu aldean dauden oinezkoentzako kaleetan 20:00etatik 8:00etara kotxeek aparkatzeko baimena izatea eskatu genuen. Arazo handia da aparkalekuena herrian. Erantzun bakarra kotxea aparkatzeko ordaindu beharko dutela izan da. Hori, nire ustez, ez da arazoari erantzuna ematea.”
Era berean, mugikortasun arazoak ere izan dira hizpide. “Gero eta jende gehiago dabil herrian, gurpil-aulkietan eta zebra-bideetan arazoak dituzte igotzeko koska handia dago eta. Horiek konponduko zituztela esan ziguten aurreko batean baina berdin jarraitzen dute. Gainera, askotan kotxeak daude bideetan aparkatuak eta ezin dira aulkiekin pasa. Hori ere ez dute kontrolatzen,” aipatu digu.
Eta, azkenik, pertsona adinduekin lotua ere beste eskaera bat egin dutela ere jakinarazi digu, “komun publikoak jartzea, Irunen jarri dituzten antzekoak. Kalean baldin bazaude eta komunera joateko gogoak badituzu ez zara taberna batean sartuko. Oso itsusi da hori. Bestela zerbait hartu behar duzu. Kalean baldin badago errazago izango da.”