mugica

Nerea Eizagirre 2009ko martxoaren 5a

Marifer Gorostiza Euskarako Zerbitzuko aurpegi ezagunena da gure herriko merkatarientzat. Duela bost urte hasi zen bertan lanean eta geroztik hainbat hizkuntza kanpaina sustatu ditu herrian. Esperientzia hori azalduaz liburu bat idatzi du, Nola sustatu euskara udalerriko enpresetan. Lasarte-Oriako Udalaren esperientzia. Liburua aitzakitzak izanik, herriko enpresek hizkuntzarekiko duten joerari eta normalizazioari buruz egon gara solasean.

Nola sortu zen liburua egiteko asmoa?
Iñaki Arrutirekin hitz egiten atera zen liburua egiteko asmoa. Euskara Zerbitzuan egiten ditugun gauza guztiak era txukunean jarri beharko genituzkeela esan nion eta hark animatu zidan. Eta zerbitzuan sartu nintzenetik zer egin nuen, aurretik zer zegoen, etab. idatzi ditut. Era honetara, liburua egin eta daukagun guztia txukundu dugu.

Nori zuzendutako liburua da?
Udalerrietan nire lana egiten duena da jasotzailea. Teknikari berrientzat, zein urteak daramatzatenentzat lagungarria da. Euskara teknikari askok baliabide gutxirekin lan egiten baitute.
Guk hemen ikaragarrizko luxua dugu. Bost pertsona gara eta beste lekuetan burua eta langile bat edo, hori ere ez, administraritzako pertsona bat dago laguntzaile lanetan. Giza baliabide horiekin ezin duzu gauza askorik egin eta ezin zara leku guztietara heldu. Horientzat lagungarria izan daiteke, liburua hartu eta ah, hauek ekintza hau egin dute eta egiteko erraza da gainera.

Zerbitzuaren laguntza izan al duzu liburua egiterakoan?
Umiltasun handiz, hau ez da nire lana bakarrik. Juanito ez balego nire atzetik eta gaizki egiten ditudan gauzak zuzentzen, Iñaki ez balego Marifer hemendik egin behar duzu esaten, lanean dudan giro ona ez balego, hau ez litzateke hemen egongo.
Ni ez naiz idazle ona desastre hutsa naiz, mordoa kostatzen zait eta jende mordoa izan dut atzetik animuak ematen eta gauzak zuzentzen. Alde horretatik esan nahi dudana da guztion lanagatik atera dela liburura aurrera.

Eta liburuaren helburua zein izango litzateke?
Egiten duguna erakustea da eta edonorentzat honen zatitxo bat baliagarria baldin bada hobeto.
Asmoa ez da inongo katedrarik ezartzekoa. Oso urrun gaude gauza guztietatik. Hau gure esperientzia da..
Honetaz gain, nik liburua irakurtzen duenari irakurketa interaktiboa egitea eskatzen diot eta gurekin kontaktuan jartzea. Nik liburua hobetu nahi dudalako. Ziur egongo dela milaka ideia dituen taknikariren bat edo guk egindakoa beste era batera egin duena eta modu eragingarriagoan gainera. Hori nahi dut lortu, baina zaila izango da liburua apalean geratuko baita.

Nolako enpresekin egiten duzu lan?
Oso mundu konplexua da enpresena. Enpresaz hitz egiten dugunean aktibitate ekonomikoa duen edozein jardueraz ari gara. Nik enpresa txikiekin lotuta egin dut lan, bat eta hamar langile bitartekoa, eta saltokiekin gehien bat.
Enpresa handiekin Buruntzaldea mailan egin dugun lana da eta orain gainera Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzarekin batera lanean jarraitzen dugu.

Eta aldatu al da Lasarte-Oriako enpresen joera euskararekiko?
Ni sartu nintzenean ez zegoen nik egiten dudan lana egiten zuen inor. Lehen enpresa bat zetorren eta kartelak etab ematen.
Orain harremana estuagoa da. Ni naiz pertsona hori, garrantzitsua deritzon figura hori, merkatariari hurbiltasuna ematen diona. Edozein momentutan Marifer ekarri iezadazu kartel bat ez dakit zerena. Gainera, ni oso pelma naiz eta haiengana noa askotan eta haiekin geratzen naiz hitz egiten etab. Harremanaren aldetik aldatu da jendeak euskara zerbitzuarekiko, udalarekiko eta pertsonalki euskararekiko harreman gertuagoa sentitzen duela uste dut.
Era berean, hainbeste errepikatu eta, euskarekiko kontzientzia piztu da, eta konturatzen zara batzuk berez etortzen direla. Hasieran ez zen inor etortzen.
Orain erabiltzailearen eta kontsumitzailearen legea dela eta, ba horrelako gauzak baten bati iritsi eta galdetzen hasten dira, zer da hori, guri zertan eragiten digu, oraindik ez dugu ezer egin behar ez... Baina erantzunaz baliatzen zara hizkunta aldaketa hori agian laster egin beharko dutela esateko edo behintzat prest egon daitezen. Hori ere aldatu da, galdetzen dute.
Honetaz gain, ni hasi nintzenean bazirudien euskarari mesede bat egitea eskatzen geniela merkatariei. Gaur egun euskararen erabilera haien enpresarako onuragarria dela esaten diet, kalitatea eta zerbitzua hobetzen dutelako, eta noski legea ere betetzen dutelako. Orain asko azpimarratzen dut hori. Euskarari ez diogu mesederik egin behar, euskara mesedegarria izan behar du enpresarentzat. Eta ikusten dut ba jendea mugitzen dela pixkatxo bat gehiago behar horregatik. Niri pena ematen dit horrela izatea, baina errealitatea hori da.
Eta horretaz gain, ni sartu nintzenetik ba ikusten ari naiz, ba saltokietan eta etorkin asko dagoela. Eta nire galdera da, orain arte lanean egon garenok ez baldin badugu jakin euskara nola integratu, nola moldatuko garen orain datorren boom berri guzti honekin. Ze gainera hona zerbitzuetan lanera datorren norbaiti ez zaio behartzen euskara ikastera eta haiek ere ez dute beharrik ikusten. Baina ez da haien errua, gure gizartearen errua eta gure planteamenduaren errua baizik. Ondorioz zerbitzu publikoa gero eta erdaldunagoa da eta horrek ez du lagunduko.
Aldatu dira gauza batzuk, baina bestalde uste dut euskararen egoera zaila dela. Zaila da, ze gizarte honetan euskarak ez daukalako prestigiorik. Orduan, markarik eta prestigiorik ez duen produktua zaila dela eta ez dela oso erraza. Alde horretatik ez da aldatu.

Eredugarria al da beraz Lasarte-Oriako kasua?
Oso euskara zerbitzu gutxik, beno ez dakit baten bat egongo den gure estrukturarekin eta giza baliabideekin. Ez pentsa gure zortea dutenik besteek.
Hori kontuan izanda, toki gutxitan egon da guk egin dugun lana egiteko eta gainera toki gutxitan daude gu bezala eskualdeka bilduta. Beraz Buruntzaldeako lana ez da Lasarte-Oriako lana, Buruntzaldeako teknikarien lana da, ni naiz guztia burutzen duena. Honela baliabide asko ditugu eta zaila da hau aurkitzea beste zerbitzuetan.

Normalizaziora iristeko lan asko dago, orduan?
Euskararekin gauza asko dago egiteko. Euskarak behar duen prestigio soziala lortzen ez duen bitartean, prestigioak ekarriko baitu erabilera.
Ezagutza gero eta zabalagoa da, baina erabilera ez dator bat. Egiteko dena dago, euskara kalean barra-barra entzuten ez den bitartean.
Nik lehen energiak galtzen nituen, orain ez. Nik baino urte gehiago hemen lanean daramatzatenek, hasi nintzenean lasai egoteko esaten zidaten, hemen emaitzak horrelakoak dira Marifer eta horrekin kontent egon zaitezke. Horrek emango dizkizu indarrak aurrera egiteko, ez pentsa lortuko duzula ze hori ez da errealitatea.
Eta hori ikasi dut, emaitza txikiak onartzen hemen eta bizitzako gauza askotan. •