Taxi taldeak Lasarte-Orian joko du bihar 22.30etik aurrera, eta erabat beteko da kultur etxeko auditorioa. Udaleko Gazteria eta Festa Sailak eta Cadena 100 irrati kateak antolatutako emanaldi hau doakoa da, baina bi erakunde hauek banatutako gonbidapen txartela eraman beharra dago, eta agortuta daude astearen hasieratik.
Taxi Gibraltarren sortutako pop-rock hirukotea da, Dylan Ferrok, Dani Fak eta Danny Bugejak osatua. Hiru kideok Melon Diesel taldetik datoz; hain zuzen ere, boskote hura bereizi zenean sortu zuten Taxi, 2004an. Azken honek, gainera, Melon Dieselen antza handia du oraindik ere; oro har gaztelaniaz kantatzen dute, eta Mirando Atras haien disko berriena aurreko talde haren abesti ezagunen bertsioek osatzen dute.
Taxi taldeak hiru disko atera ditu orain arte: Libre, Mil Historias eta iazko udaran argitara eman zuten Mirando Atras hau. Azken hau hamabi abestik osatzen dute. Horietatik bederatzi dira Melon Dieselekin ateratako kantuen bertsioak; esaterako, Quiero un camino, Por ti eta Tu oportunidad. Hainbat musikari espainiarrekin elkarlanean egin dituzte bertsio horiek guztiak.
Bestalde, Gun talde eskoziarraren Better days abestiaren gaztelaniazko bertsioa ere topa daiteke disko honetan, Algo mejor izenburupean. Bi lan original ere baditu album honek: Diez mil excusas eta Mirando Atras (diskoari berari izena ematen dio).