Bisita gidatuek arrakasta handia izan dute

Txintxarri Aldizkaria 2009ko martxoaren 5a

350 pertsona baino gehiagok bisitatu dute Vidas Minadas, diez años despues erakusketa Lasarte-Oriako Udalak aurrera eraman duen sentsibilizazio kanpainaren baitan. Erakusketa, Udaleko Kooperazio sailak eta Euskal Fondoak antolatuta, joan den otsailaren 27ra arte egon zen Manuel Lekuona kultur etxean.
Ahalik eta publiko gehienera iristeko helburuarekin, Udalak bisita gidatuak antolatu zituen Gervasio Sanchezen pertsonen kontrako minen argazki erakusketa jarrita egon den bitartean. Ekimenean parte hartu dute Lasarte-Usurbil Institutuko ikasleek, Landaberri ikastolakoek, udal euskaltegikoek, Zentro Zibikoko emakume talde batek eta Danok-Kide elkartekoek, besteak beste.
Ana Urchueguia alkateak azaldu duenez, "oso kontentu gaude emaitzarekin eta erakusketara hurbildu diren taldeek erakutsi duten interesarekin". "Horregatik, orain arte egindako lanari jarraipena eman nahi diogu eta, jasotako erantzuna ikusita, talde hauekin guztiekin sentsibilizazio ildo horretan zein modutan lan egin dezakegun aztertuko dugu," adierazi du alkateak. •