Ingurumen, Kontsumo, Merkataritza eta Sanitateko departamentuak Artelatz enpresari esleitu dio hondakinen kudeaketari buruzko azterketa. Rikardo Ortega batzorde buruak asteartean azaldu zuen bezala, “inkestaren emaitzak herritarren pertzepzioa neurtu eta dauden puntu ahulak ezagutzeko balioko du. Gainera, inkestako galderak Udalak eta Lasarte-Oria Bizirik elkarteak adostutakoak dira.”
Rikardo Ortegarekin batera Artelatzeko ordezkaria, Mikel Urruzola eta Amaia Elizagarate inkestaren arduraduna egon ziren, inkestaren nondik norakoa azaltzeko.
Artelatzeko ordezkariak azaldu zuenez hiritarren pertzepzioa bilatzen dute hilabete honetan egingo den inkestaren bidez, “hondakinen kudeaketa eta atez ateko bilketari buruz zer dakiten, haiek zer egiten duten, informazioa nondik jasotzen duten, etab. galdetuko zaiei.”
“Bertan lortzen diren datuak kontzientziazio kanpaina indartsu eta eraginkorra egiteko balioko du, baita etorkizunean egingo diren kanpainentzat ere,” adierazi zuen Mikel Urruzolak eta, honetaz gain, “eskerrak eman nahi diegu herritarrei. Astelehenean hasi ziren inkestak egiten eta oso jarrera ona izan dute”.
Amaia Elizagaratek inkestaren arduradunak azpimarratu zuen inkestari esker herritarren iritzia udaletxe eta beste guneetara iristeko aukera ezin hobea dela eta jendeak beldurra izan ez zezan eskatu zuen, “inkesta anonimo izango da eta 15 urte gorakoei egingo zaie. Etxeak aleatorioki aukeratu dira eta hortik lagin errepresentatiboa atera da. Guztira 470 pertsona. Inkestak 35 galdera ditu 8 blokeetan zatituak.”
Honetaz gain, Rikardo Ortegak urte bukaeran atez ateko esperientzi pilotua martxan jartzea espero dute. “3000 biztanlek parte hartuko dute. Baina ongi mugatu nahi dugu bilketa sistemaren eremua lehenik. Gainera, Usurbilgo esperientzia baliagarri izango da”, esan zuen Ingurumeneko buruak. •