Emakumeen aldarria, gaurtik hasita

Txintxarri Aldizkaria 2009ko martxoaren 6a

Martxoaren 8a etzi izanda ere, gaur hasiko dira Emakumearen Eguna ospatzen. Udalak eta Emakumeen Zentro Zibikoak elkarlanean alde batetik, eta Lasarte-Oriako Bilgune Feministak bestetik, hainbat ekitaldi antolatu dituzte astebururako.
Esaterako, Emakumeen Zentro Zibikoa kalera aterako dute gaur. Izan ere, erakunde honetan emakumeek egiten dituzten askotariko eskulanak ikusgai jarriko dituzte Brigiden plazan. Hormirudi bat ere jarriko dute, 10:00ak eta 18:00ak bitartean. Nahi duen emakume orok bere ekarpena egin ahal izango du bertan. Bestalde, 21:30ean afaria izango da Txitxardin Beltza jatetxean. Izena emateko epea itxita dago, eta ehun emakumetik gora elkartuko dira. Ondoren, dantzaldia izango dute jatetxean bertan.
Igandea, martxoaren 8a bera, antzezlan batekin ospatzea proposatu du Udalak. 19:30ean Entre mujeres lana izango da ikusgai Manuel Lekuona kultur etxeko auditorioan. Donostiako ikastetxe erlijioso batean ikasi zuten bost emakume afaltzeko elkartu dira, 25 urte elkar ikusi gabe igaro eta gero; hori da lanaren mamia. Lasarteko Helduen Hezkuntza Zentroko hainbat kidek egin dute antzezlana, gaztelaniaz. Sarrerak bi eurotan daude salgai, kultur etxean bertan.

Abortuaren inguruan

Bilgune Feministari dagokionez, abortu librea aldarrikatzeko baliatuko dute aurten Emakumearen Nazioarteko Eguna. Horrenbestez, abortuari buruzko film bat,
4 meses, 3 semanas, 2 dias, eskainiko dute gaur Xirimirin, 20:00etatik aurrera.
Larunbatean, 12:00etan, triki-poteoari ekingo diote Okendo plazatik, eta 14:30ean bertso bazkaria egingo dute Xirimirin. Amaia Agirre eta Ane Labaka bertsolariak lagun, menu goxoa dastatzeko aukera izango da: entsalada bufeta, oilaskoa saltsan eta limoizko sorbetea. Menu begetarianoa ere izango da aukeran. Bazkarian parte hartzeko tiketak 8 euro balio du langabetuentzat, eta 10 euro gainontzekoentzat. Gaur eguerdira arte izango dira salgai, Xirimiri, Sustrai eta Ilargin. Larunbatean bertan, 19:30ean, elkarretaratzea egingo dute udaletxe aurrean.
Igandeari dagokionez, Euskal Herriko Bilgune Feministak Donostian egingo duen manifestazioan parte hartzera deitu dute. 13:00etan abiatuko da, Bulebarretik.