Lasarte-Oriako Udalak bat egin du EUDEL Euskal Erkidegoko Udalen Elkarteak egunotako krisi ekonomikoa eta emakumearen egoerari buruz argitaratu duen adierazpenarekin. Eudelek dio, lana dela euskal herritarren ardura handienetako bat; euskal erakundeek (tartean Udalek) krisiari aurre egiteko hainbat neurri abiarazi dituztela; industria eta zerbitzu sektoreek jasan dituztela lanaren galerarik handienak; eta ondorioz, lanaren beherakadak eragin handiagoa izan duela gizonengan, emakumeengan baino. Hala ere, EUDELek azpimarratu duenez, oraindik ere “emakumeen okupazio tasa gizonena baino txikiagoa da (%59,1 eta %74,8, hurrenez hurren)”.
Adierazpenaren arabera, krisiaren aurrean lana sortzera bideratutako neurri guztiak positibotzat hartzen dira, baina, beharrezkoa da plan horietan “emakumeak baztertu ditzakeen genero norabideak aurrez ikustea eta saihestea”.
EUDELek uste du krisi egoeraren ondorioz arriskua dagoela “gizarte eredu patriarkal eta sexista berpizteko (gizon hornitzailea/emakume zaintzailea), orain arte landu dugun erreferente berdintzailearen ordez; hau da, emakumezko zein gizonezko hornitzaileak eta zaintzaileak berdintasunean”. Bere ustez, neurriek eragin ezberdina izango dute emakumeengan edo gizonengan eta horregatik adierazten dute beharrezkoa dela “emakumeen eta gizonen eskubide guztiak osotasunean bermatzea eta honezkero gure artean dagoen desberditasunezko arrakala gehiago ez zabaltzea”.
Beraz EUDELek eta Lasarte-Oriako Udalak konpromisoa hartu dute “berdintasunaren aldeko tokiko politikak indartzeko”. Euren ustez, krisi garaia udal eredu berdinagoetarako bidea egiteko aukera da.