Hurrengo urteetako Lasarte-Oria erakutsiko da maketa birtualean

jon-altuna 2009ko martxoaren 9a

Lasarte-Oriak hurrengo urteetan izango duen itxura ikusteko aukera izango dute herritarrek. Udalak maketa birtual bat prestatu du, hiriaren antolamendua finkatuko duten Arau Orokorrak jakinarazi eta ondorengo urteetan garatuko diren egitasmoen ondoren herriak hartuko duen itxura erakusteko.
Maketa, datorren asteazkenean, martxoak 11, aurkeztuko da kultur etxean eta ostegunetik aurrera liburutegi atarian jarriko diren ordenagilu batzuetan eta Udalaren webgunean ikusi ahal izango da.
Udaleko ordezkariek jakinarazi dutenez hiri antolamendurako Arau Orokorren maketa dokumentu ikusgarria da: maketaren bidez udalerriak etorkizunean izango duen itxura ikusi daiteke. “Lasarteoriatarrak eraldaketa horren parte-hartzaile eta ezagutzaile egin nahi ditu Udalak”.
Aurkezpena arratsaldeko 19.00etan hasiko da Manuel Lekuona kultur etxeko hitzaldi aretoan. Etorkizuneko udalerria erakusten duen bideo birtuala ikusteko aukera eskainiko da. Horrela hegaldi birtual bat egin da eta martxan dauden edota martxan jarriko diren proiektuen irudiak erakutsiko dira goitik begiratuta.

Hainbat proiektu ikusgai

Aurkezpena hainbat ataletan banatuta egongo da: hiri-lurra, urbanizatu daitekeen lurra eta urbanizaezina. Atal horietan hainbat egitasmo jasoko dira, Loidi-Barren, Okendo, Kotxeras, Goiegi Ibarra, Zabaleta Berri, Goiegi Gora, Oria Gain, Zatarain eta Plazaolako parkeko proiektoak alegia. Programa birtualak egitasmo bakoitzaren bideoak, argazkiak eta planoak ikusteko aukera eskaintzen du.
Manuel Lekuona kultur etxeko liburutegiko sarreran zenbait ordenagailu jarriko dira asteazkenetik aurrera herritarrek etorkizuneko Lasarte-Oriaren eta hurrengo urteetan burutuko diren aldaketen informazio hori jaso dezaten. Maketa birtual hori martxoaren 27ra bitartean ikusi ahal izango dute nahi duten guztiek ordenagailu horietan. Gainera maketarekin jokatzeko eta elkar eragiteko aukera eskaintzen du Udalak.
Gainera, ostegunetik aurrera, maketa birtuala ikusteko lotura bat izango da Udalaren webgunean, eta baita Arau Orokorrak kontsultatzeko erreminta bat ere.