Euskaraz eta gazteleraz sari bana emango da Ipuin eta Poesia ataletan. Gainera herrian erroldaturik daudenek “Lasarte-Oria” sari berezia eskuratzeko aukera izango dute. Sariak 1.000 eurokoak dira sail bakoitzean eta herriko lan onenek 300 euroko saria eskuratuko dute. Beraz 1.000 euroko lau sari izango dira eta 300 euroko beste lau, ipuin eta poesian, euskaraz eta gazteleraz. Aurreko urteetan sarituak izan diren pertsonek ezingo dute berriro saria jaso zuten sailean parte hartu.
Maiatzaren 8ra arte
Lanak, 2009ko maiatzaren 8ko eguerdiko 13:00ak baino lehen eraman beharko dira Manuel Lekuona kultur etxeko bulegora. Posta ziurtatuz epearen barruan bidalitako lanak ere onartuko dira. Lanak, argitaratu gabeak izan beharko dute, argitaletxeren batekin argitaratzeko eskaini gabeak eta beste lehiaketa batera aurkeztu gabeak.
Epaia urrian emango du kultura batzordeak izendatutako epai mahaiak eta sariak azaroaren 28an banatuko dira.
Bestalde, herriko gazte eta haurren artean literatur sorkuntza bultzatzeko asmoarekin, XXII. Literatur Lehiaketa antolatu du Udalak, euskaraz eta gazteleraz, poesia eta ipuina. Lanak aurkezteko epea berbera da. Hiru maila egongo dira adinaren arabera, (94-95-96an jaiotakoak; 97-98-99an jaiotakoak; 2000 urtean eta ondoren jaiotakoak). Ipuin lehiaketan maila bakoitzean hiru sari emango dira 150, 112 eta 76 eurotakoak. Poesia lehiaketan bai euskaraz eta bai erdaraz, 150 euroko sari bakarra izango da kategori bakoitzean. Haur eta gazteen sari guztietan erdin dirutan emango da eta beste erdia liburuak erosteko txartel batean.
Ipuinak gehienez 10 orrialdekoak izango dira eta poemak gutxienez 300 bertso lerrotakoak. Haurren mailetan ipuinak 2, 4 eta 8 orrialdetakoak (adinaren arabera) eta poesian txikienek 50 bertso lerrokoak aurkeztu behar dituzte eta beste guztiek 75 lerrokoak.