Zinea euskaraz Jalgin ostegunean

jon-altuna 2009ko martxoaren 9a

Topaguneak antolatzen duen Film Laburren VI. Zirkuitua ostegunean iritsiko da Lasarte-Oriara besteak beste Erroma eta Bartzelonatik pasa ondoren. Paris edo Shangaira ere iritsiko dira Euskal Herriko zortzi zuzendarik azken bi urtetan egindako laburmetrailak. 21:00etatik aurrera ordu beteko emankizuna eskainiko da Jalgi Kafe Antzokian. Euskaldunek egindako zinea euskal ikusleengana eramango dute beraz aurten ere Topaguneak eta Ttakunek.

Zortzi istorio labur eskainiko dira ostegun honetan 21:00etatik aurrera Jalgi tabernan. Topaguneak bultzatzen duen zirkuitua Euskal Herriko eta kanpoko hainbat aretoetara iritsiko da. 46 tokitan emango dira martxoaren 5etik apirilaren 7ra bitartean euskaldunek egindako filme laburrak.
Ttakun Euskara elkarteak antolatu du Euskarazko Film Laburren emanaldia. Denetariko gaiak jorratzen dituzte, erdiak lau minututik beherakoak dira, laburrena bi minutu eta 45 segundokoa; luzeena, aldiz, 14 minutukoa da.
Aste honetan aurkeztu zirkuitua Topagunean Bilbon. Topaguneko bazkide diren elkarteak dira gero herriz herri filmeak eramango dituztenak. Lasarte-Oriara asteazkenean helduko da Ttakun-en eskutik. Seigarren aldiz antolatzen da zirkuitoa eta lehenengo aldiz Euskal Herritik kanpo ere erakutsiko dira zortzi film laburrak, Bartzelonan, Erroman, Parisen, Londresen eta Shanghain.

Talde lan ugari

Film laburren zuzendariei buruz, filmeen erdiak, taldean eginikoak dira, hiru unibertsitateko ikasle taldeek, arte eder, kazetaritza eta ikus-entzunezko komunikazioko ikasleek. Beste taldearen lana berezia da: Ander Odriozola, Iñaki Andonegi eta German Rubiok osatutako hirukoteak "Egiatik gezurrezko bizitzara" filmea hamar ordutan idatzi, ekoitzi eta zuzendu zuten Topagunearen kameratoia ekimenaren barruan.

Esperientziadunak

Besteei dagokionez, Iban del Campo arrasatearra eta Asier Urbieta oreretarra esperientzia duten zuzendariak dira, aurretik hainbat filma grabatuak dituzte.
Bestalde, Jose Luis Barredo eta Iñigo Garciak osatutako bikoteak ere hainbat proiektu gauzatu ditu elkarrekin euren zinerako zaletasuna bideratuz.
Azkenik Xabier Iñarrairaegi-Karlos Eriz bikotea 1994tik ari da elkarrekin Elorrioko IKB produktoran, dokumental, erreportaje eta publizitatea eginaz. Zirkuituan aurkezten dutena Torturaren Aurkako Taldeak ekoiztutakoa da eta torturatuak izan diren herritarrak agertzen dira.