Santos Uribe dominarik gabe itzuli zen Españako txapelketatik

jon-altuna 2009ko martxoaren 9a

Santos Uribe herriko ibiltariari bizitzan lehenengo aldiz atera diote atletismoko martxa proban txartel gorria. Murtzian, aurreko asteburuan, martxoaren lehen egunean, Españako Martxa Txapelketaren azken itzulian zela kanporatu zuten epaileek eta eskura zuen urrezko dominarik gabe itzuli da Lasarte-Oriara. Pena eta amorrua sentitu zuen epaileak "lo siento chaval" esan eta txartel gorria erakutsi zionean. Ez zeukan martxa azkartu beharrik, bere buruaren kontra ari baitzen, ez zeukan kontrariorik.

Beteranoen mailako ibilaldi neurtu txapelketan 10 kilometroko probaren azken itzulian kanporatu zuten Santos Uribe herriko atleta. Ezin zuen sinestu, Uribe berak aitortu digunez: "bizitzan sekula ez zait gertatu horrelakorik, ezta Europako edo Munduko Txapelketetan ere". Berez bi lehiaketa hauetan estuago aritu zen, oraingoan baino martxa azkarragoa ibili zuen bere ustez.
Txartel gorria ikustean, eskuak aurpegira eraman eta proba utzi besterik ezin izan zuen egin. Ez zuen ulertzen, amorru handia sentitu zuen, –epaileak zorrotzegiak izan zirela uste du–, eta pena ere bai, "behin haraino joan eta gero" esan zigun biharamunean.
Murtziako San Pedro Pinatar herrian bi kilometroko zirkuituan jokatu zen Españako LXXVIII. Ibilaldi Neurtu lehiaketa honetan domina berea zen ziur ez dagoelako bere mailan, 70 urtetik gora, parte hartzen duen beste inor.

26 ordu autobusean

13 ordu eman zituen autobusean Murtziaraino joateko. "Zumeatarra taldeko Andoaingo laguna eta biok, ostegunean gaueko 21:30ean atera eta goizeko 10:30ean iritsi ginen Murtziara. Autobusean, ordu erdi bat geratu ginen soilik ogitarteko bat jateko. Bueltan igandean arratsaldeko 6etan atera eta astelehen goizeko 7etan heldu gara" esan zigun astelehenean bertan Lasarte-Orian.
Andoaingo Zumeatarra Elkarteko taldearekin aritzen den Santos Uribek esan digunez, hankan izan duen arazo baten ondorio izan daiteke kanporatzea. Hanka batean juanikote bat dauka, eta probaren bezperan nabaritu zuen traba edo min apur bat egiten ziola, Gatzaga batzuk ikusteko aitzakiarekin egin zuten beroketa joan-etorrian. "Eta agian horregatik ez nuen pausua behar bezala botatzen".
Koskorra gaiztotu egin zitzaion proban zehar, hori izan zen eguneko arazo bakarra. "Bestela fisikoki oso ondo nengoen, oso ondo nindoan" esan zigun herriko ibiltariak. "Ez neukan bukatzeko arazorik, baina asko sofritu nuen hankako arazoarengatik".

70 urtetik gorako bakarra

Gainera ez zeukan zertan arriskatu beharrik, bera bakarrik baitzen 70 urtetik gorako proban. Baina ez zuen inola ere horrelako zigorrik espero. Aitortzen du kanporatu zutenean martxa onean zihoala, presiorik gabe, baina ibilaldi neurtuan aurrean dabiltzan kirolariak ziztu bizian pasatzen ziotela. Esaterako 50 kilometroko proban garaile izan zen Paquillo Fernández edo hirugarrena izan zen Mikel Odriozolak.
Oraindik astelehenean ez zuen ulertzen nola zigortu zuten 74 urteko kirolaria. "Oso zorrotzak izan ziren epaileak hain zaharra horrela zigortzeko. Beste batzuk oso azkar aurreratzen ninduten, baina horiek ez dituzte zigortzen, agian azkar azkar doazenez ezingo dute ondo ikusi araua betetzen duten ala ez eta mantsoago doana errazago ikusten eta harrapatzen dute". Ez zion beste zergatirik ikusten. Agian hankako arazoaren ondorioz ez zuela ondo zapaltzen.

Hankako mina

74 urte ditu Uribek, baina ondo ikusten du bere burua, sasoian. Arazo bakarra hankako koskorrak ematen dio. Tarteka gaiztotu egiten zaio.
Konponbidea ebakuntza dela esaten diote sendagileek, baina momentuz ez du ezer erabaki. Denborarekin ikusiko du Europako onenen artean lehiatzen segitzeko zein konponbide hartu ala orain arte bezala jarraitu.
Gainera hurrengo urtean adinaren arabera beste maila batera pasa eta mailako gazteenetarikoa izango da.