Jai giro ederrean igaro zituzten Emakumeen Eguneko ospakizunak

Txintxarri Aldizkaria 2009ko martxoaren 9a

Ostiralean hasi ziren Emakumearen Nazioarteko Eguneko ospakizunak. Udalak eta Emakumeen Zentro Zibikoak elkarlanean alde batetik, eta Lasarte-Oriako Bilgune Feministak bestetik hainbat ekitaldi antolatu zituzten. Ostiralean bertan hasi ziren ospakizunak, Zentro Zibikoko emakumeek eginiko eskulanen erakusketa bat ipini zuten Brigiden plazan eta gero hormairudi bat ere egin zuten. Gauean berriz, afaltzera joan ziren Txintxardin Beltxa jatetxera ehun emakume inguru.
Bilgune Feministak ere ostiralean hasi zituen ekitaldiak bideoforum batekin; 4 meses, 3 semanas, 2 dias filma eskaini zuten Xirimiri elkartean. Abortu librea aldarrikatu nahi dute Bilgune Feministeko kideek, eta filmea ere gai horri buruzkoa izan zen. Larunbatean berriz, goiz hasi ziren ospakizunekin. Eguerdiko hamabietan geratu ziren trikipoteoa egiteko eta giro alaia jarri zuten erdiguneko kaleetan. Ondoren bazkaltzera joan ziren Xirimiri elkartera. Bazkaldu eta gero kalejiran hurbildu ziren udaletxe aurrera deituta zuten kontzentraziora.
Emakumeen Egunean berriz, igandean, Donostian burututako manifestaziora zuten biek ere, bai Bilgune Feministak baita Zentro Zibikoak deialdia egina.
Eguna amaitzeko berriz, EPAko Lan eta lan beti lan antzerki taldeak Entre mujeres antzezlana eskaini zuen kulturetxean. Txalo zaparrada ederrak jaso zituzten.