Baina 1997ko legeak indarrean jarraitzen du. Sorgin Jaien Batzordeko kideekin hitz egin dugu eta “97ko legeak txosnen debekua ekarri zuen. Azken urteotan ez da aplikatu, gainetik pasa dute. Ez ikusiarena egin dute. Limitetik pasatzen ez bazarete zen haien erantzuna. Baina non daude limite horiek, haientzat batzuk dira eta guretzat beste batzuk izan daitezke. Horregatik esan dugu, goazen egoera behingoz legeztatzera,” adierazi digute.
Honela abenduan hasi ziren Gazteria eta Festak Saileko zinegotziarekin hizketan, “balorazioa egin genuen. Positiboa izan zen udalaren partetik eta gurea ere. Baina gu bilerara ez ginen bilera bat egitera joan. Arazoa errotik konpontzera joan ginen eta harritu ziren. Lekua zehaztera joango ginela uste zuten, baina gu lege berria egitera joan ginen, non gu txosnaren ezaugarriak, oholtza, uraren hornidura, erdigunean egon behar duela, etb. zehaztasun ematen genion. Zinegotzia oso gustura geratu zen, batez ere, ez zuelako esaten non kokatuko zen eta gunearen deskripzioa egiten genuelako. Ados jarri ginen, legea egin genuen eta haiek legea aldatzen hasi baina alkateak ezetza eman zuen, 97ko legea indarrean jarraitzen zuela. Orduan gu mahaitik altxa ginen.”
“1997ko lege horrek ez du aurreikusten batzorde baten, Sorgin Jaiak kasu, eta Udaletxe arteko harremana, besteak beste,” esan digute eta zera atxiki, “Guk beti esan dugu, Sorgin Jaien helburua ez da txosna jartzea, asmoa da jaia batzuk antolatzea non egongo diren txosna batzuk. Berez ez zaigu interesatzen txosna jartzea, baina egun beharrezkoa da Jaiak ordaintzeko. Etorkizunean lau txosna jarri eta horien artean jaia ordaindu eta guk jaiak antolatzen baditugu, listo,” onartu dute.
“Guk ez dugu herriaren jaien aurka boikota egingo, gu jaiak antolatzera goaz. Goazen ba duela hamar urte hasi zen kalbarioa amaitzera eta garai berri bat hastera. Era honetara, legearekin jaiak antolatzera datorren jende heldua edo gazteek nondik jo izan dezaten eta arazorik ez jaiak egiteko,” atxiki dute.
Sinadura bilketa
Egun legea aldatzearen aldeko sinadura bilketa egiten ari dira, “herriak ematen duen erantzunaren zai gara, sinadura bilketaren bidez, eta horrek indarra emango digu akordioa lortzeko. Gainera, atxikimendu orrian herriak Udalari eta guri eskatzen digu harremana izatea.”
Atxiki nahi den orok tabernetan, Basaundiko okindegian eta Zabaletako dendan aurkituko ditu “herriko dendetan jartzeko asmoa dago eta Institutuan eta eskoletan egon gara,” aipatu digute. Gainera, “300 bat sinadura biltzea espero genuen eta 500 bat ditugu. Hurrengo astean aurkeztu eta ikusiko dugu zer gertatzen den legearekin,” adierazi dute.
2009ko San Pedroak
Batzordearen ustetan, egoera ez da beltza eta 2009ko Sorgin Jaiakeko egitaraua antolatzen hasiak direla aipatu dute. “Aurten gainera 6 egunetako egitaraua izango da. Berrikuntza asko eta potenteekin eta adin guztietarako ekintzekin,” aurreratu digute.
Legez kanpo jokatuko dutela badakite baina haiek dioten bezala “jaietan adierazpen guztiak izatea nahi dugu. Indar guztiak akumulatu nahi ditugu jaiei eta legeari babesa emateko eta jaietan parte hartzeko. Izan ere, taldeei pixkanaka eskatuko diegu bere adierazpena egitea. 6 egun daude horretarako eta beteko ditugu.” •