Danok-Kidek eta Lasarte-Oriako Udalak urtebeterako hitzarmena sinatu zuten atzo. “Musika kontzertuek eta zinema sozialeko zikloek Lasarte-Oriako herritarrentzat duten interes kulturalari erreparatuz eta baliabide tekniko, material eta ekonomikoak jarrita ekitaldi horiek hobetzeko aukera dagoela ikusita” etorri da bi erakundeen arteko akordioa.
Danok-Kidek antolatzen dituen musika kontzertuak batetik, eta Zinema Sozialeko Zikloa bestetik, hartzen ditu bere baitan itunak. Kontzertuei dagokienez, Udalaren Kultura Departamentuak diruz lagunduko ditu, “baldin eta haren kostuak entitate antolatzaileak aurreikusitako aurrekontua gainditzen badu”. Era berean, kontzertu horietako batzuk kultur etxeko auditorioan egingo dituzte, antolaketa zailtasunek, instrumentuzko musika motak edo kontzertu emaileek hala eskatzen badute. Normalean Ama Brigitarren Komentuan egin ohi dituzte kontzertu horiek.
Zinema Sozialeko Zikloari begira, Kultura Departamentuak ordainduko ditu elkarteak aukeratutako filmak, autore-eskubideen zerga barne. Zinema aretoa, proiekziorako ekipamendua eta pertsonal teknikoa ere Udalaren kargu izango dira.
Atzo sinatu zuten ituna abendura artekoa da, baina urtero berrituko dute bi aldeak ados egonez gero.