Go!azen filmeko aktoreak bisitan izan dira gaur

Txintxarri Aldizkaria 2009ko martxoaren 13a

Gaur arratsaldeko 5etan heldu dira Aitor Saumell eta Inma Fernandez aktore gazteak Lasarte-Oriara Kuadrillategik gonbidatuta. Jalgin kafe bat hartu eta Landaberri DBH ikastetxera abiatu dira. Zain zuten han bertako ikasle koadrila Irakutrezin aldizkarian argitaratuko duten elkarrizketarako galdera sorta egiteko prest. “A ze puntualitatea” izan zen aktoreek lehenengo entzun dutena.
Ondoren hainbat galdera egin dizkiete 12-15 urte bitarteko ikasleek. Argi eta garbi ikusi da gaztetxoek filma ikusita dutela, filmari eta aktoreei buruz ondo informatuta daudela, baina, jakinmin handia zuten eta denetariko galderak luzatu dizkiete bi bisitariei: Go!azen pelikularen casting eta grabaketari buruzkoak, filmean abestutako kantuei buruzkoak, euren bizitza pertsonalari buruzkoak edota, besteak beste, etorkizunerako dituzten asmoei buruzkoak. Bi aktoreek aurreratu dutenez telebistan serie bat grabatzeko proposamena jaso dute eta beraz, “Asier”, “Desi” eta filmeko beste protagonistek jarraipena izango dute telebistan.
Ondoren gazte klubeko haurrak heldu dira Landaberrira. Hauek ere gogo biziz zeuden Go!azen-eko aktoreak ikusteko. Aitor eta Inmak filmeko antzeko itxura zuten, euren txapelak dotore jantzita etorri dira.