Ikusmin handia piztu zuen atzo kultur etxean egindako aurkezpenak. Izan ere, bertan 400 argazkitik gora egonda eta gehientsuenak herritarrek berek emandakoak izaki, jende askok jarri du bere alea liburuak argia ikus zezan. Gainera, liburua ez ezik, Lasarte-Oriari buruzko bideo emanaldia eskaini zuten aurkezpenean. Bertan, herriko lehengo eta gaur egungo hainbat argazki pare alderatu zituzten, herria zenbateraino aldatu den nabarmendu nahian.
Liburua bederatzi ataletan dago bereizita: lasarteoriatarrak, ofizioak, eskola garaiak, Hipodromoa, kirola, jaiak, erlijioa, postalak eta komunikabideak. 50eko hamarkadan Santa Barbara elkarteak egindako mendi martxetako argazkiak, 60ko hamarkadako Azkorteko erromeriakoak, Oria ikastetxeko 50eko hamarkadako ikasleenak, industriak, auto lasterketak, Hipodromoan egindako hamaika ekitaldi, San Pedro jaiak, prozesioak... Askotariko argazkiak daude ikusgai liburuan.
Herritarren borondate onari esker osatu dute bilduma, eta herritar horien guztien artean badira lan bereziki aipagarria egin dutenak ere. Esaterako, Oriako Marisol Ceca eta Manolo Urdanpilleta; haien argazki zaharrak utzi ez ezik, inguruko lagunenak biltzeaz arduratu dira bi hauek.
Egizabalen ekarpena
Aipamen berezien artean, Jesus Mari Egizabal ere ezin ahaztu. Urdanpilleta eta Cecarekin ez ezik, liburuaren egileak Danok Kideko hainbat arduradunekin jarri ziren harremanetan laguntza eske, eta hala sartu zen Egizabal proiektuan. “Nik Lasarte-Oria aldizkarian idazten dudanez han erabilitako argazki zaharrak ditut, eta gero gure familiakoak ere bai”, azaldu du, alde batetik eta bestetik libururako bildu dituen irudien harira. “Orduan sorta nahiko handia eraman nuen. Baina hor badira argazki dezente eman duten familia batzuk ere”, esan du, apal.
Lasarte-Oria, herri baten unea argazki liburu bat da, batez ere. Argazkiok azalpenak behar dituzte, ordea, laburrak izanda ere. Sarreratxo horiek egitea ere Jesus Mari Egizabali egokitu zitzaion, arduradunek eskatuta. Dokumentazio askoren beharrik gabe, buruz idatzi ditu testu txiki horiek. Herriaren sorrerari buruz, lanpostuak eta horrekin batera populazioa ugaritu zuen garapen industrialari buruz, auto zirkuituak, hipika, Lasarteko Krosa, herrira sartu eta ateratzen diren errepideei buruz... Azalpen labur baina argigarriak, liburua borobiltzeko.•