Garazi Gómez eta Miren Altuna Lokeko gimnastak Gipuzkoako txapelketan

Txintxarri Aldizkaria 2009ko martxoaren 13a

Gimnasia erritmikoa egiten duten herriko kirolariak denboraldiaren muinean dira eta aste honetan kadete mailako bi gimnasta Gipuzkoako txapelketan arituko dira mazoen sailean: Garazi Gómez eta Miren Altuna. Bestalde, aurreko astean Udaberri Sariketako proba jokatu zen Hernanin eta Lasarte-Oriako gimnastei dagokionez haurren mailako uztaien saileko boskotea hirugarrena izan zen.
Garazi Gómez eta Miren Altunak igande goizean dute mazoekin Gipuzkoako Txapelketako finalean sartzeko aukera. Astigarragako polikiroldegian burutuko den kanporaketan lehen zortzien barruan izan beharko dira Gipuzkoako bakarkako finalean sartzeko. Maite Rueda prestatzailearen ustez, batez ere Garazi Gomezek aukera du kadete mailako finalean izateko. Guztira hogei gimnastatik gora izango dira kanporaketan eta puntuaketa altuena duten zortzi gimnasta pasatuko dira finalera.

Udaberri saria

Bestalde, aurreko astean Udaberri Sariketako lehen faseko proba burutu zen Hernaniko kiroldegian. Lasarte-Oriako bi taldek parte hartu zuten. Bost uztairekin aritzen den haurren mailako taldeak izan zuen emaitzarik onena. Hirugarren lekuan sailkatu ziren.
Hasiberrien mailan esku libre eta pilota modalitatean aritzen den taldeak aldiz lehen postuetatik urruti xamar bukatu zuen, hamaikagarrenak izan ziren. Ekaina bitartean gimnasia erritmikoko herriko taldeak hainbat probatan parte hartuko du.