Oinatzek Bortzirietara irteera prestatu du

Txintxarri Aldizkaria 2009ko martxoaren 13a

Oinatz taldea Nafarroa aldera doa berriro ere. Martxoaren 29an hain gertu dagoen eta han gutxi ezagutzen den Bortzirien eskualdera doa taldea bertako usadio eta arkitektura ezagutzera, Etxalarko usategiak edo Lesakako herria, beste toki batzuen artean, bisitatuko dituzte eskualde honetan.

Oinatzeko kideek jakin arazi digutenez, Etxalarri ospea eman dion zerbait badago, usategiak dira. Nahiz eta Estatu osoan galdu eta debek atua izan zen ehiza mota izan, mendez mende ohiturari eutsi dio Etxalarren. Ehiza mota zahar hau XV. mendean hasi zen eta honetan nagusi dira trepa izeneko dorre hankaluzeak. Usategiak Larrun eta Arxuria mendien arteko lepoan ikus daitezke, Etxalar eta Sara herrien artean.
Ehiza garaian, urrian eta azaroan, Europatik datozen usoak hegoalderantz doazenean, usozaleek zurezko paleten itxura duten makilak botatzen dituzte airerantz. Hauek hegazti harraparien hegaldia irudikatzen dute eta, orduan, usoek beherantz jo eta zuzenean sareetan korapilatzen dira.
Honetaz gain, Etxalarko herri arkitektura ere azpimarratzekoa dela aipatu digute Oinatzekoek. XV. mendetik XVII. mende artean eraikitako etxe ugari ikusi daitezke herriko kaleetan zehar ibiltzean. Etxe handiak dira hauek, silarriz egindakoak eta zurezko balkoiak dituztenak. Hauen artean, Erdi Aroko dorre bat nabarmendu daiteke, Gaztelua, erresumako arma-etxea izandakoa.
Eta ez dira ahaztu behar Jasokunde elizan dauden hilarriak. Kanposantu zaharreko arrastoak dira, XVI. mendetik aitzinera landutako disko itxurakoak.

San Juan Xarreko elezaharra

Baina hau ez da Bortzirietan egingo duten bisita bakarra, San Juan Xar eta Lesakara ere hurbilduko baitira Oinatz taldeko kideak.
Arantza eta Igantzi arteko mugan, San Juan Xar Erretserba Naturala dago. Hau garai batean Europan oso zabaldua zegoen baso motaren aztarna edo erlikia da. Iberiar penintsula osoan San Juan Xarren bakarrik sortzen da pago-lizarra (carpinus betulus). Hortaz, zuhaitz hori babesteko, ingurune hau Natura Erretserba izendatu zuten 1987an.
Eta bertan dago San Juan Bautistaren ermita. Mirespen handiko lekua da. San Juan Xar erromeriak, meza eta iturriaren erritoak, inguru eta urrutiko hainbat jende erakartzen ditu. Herri sinismenaren arabera, San Juan iturriaren hiru ahoetatik edan behar da ura, eta uretan bustitako zapi batez kaltetutako gorputz-zati igurtzi, gero zapia ondoko harkaitzetan utziko da. Hala sendatuko dira digestio-arazoak eta azaleko gaitzak. Azkenean, kandela piztu beharko zaioa santuari.

Lesaka

Eta azkenik, Lesaka dugu. Lesaka guztiz aldatu da denbora gutxian, nekazari- eta baserri-herri izatetik inguruko industria-gune garrantzitsuenetakora izatera igaro da. Hala ere, honek ez dio batere kendu antzinako xarma. XVIII. mendekoak diren ola, irin-errota, sagardoa egiteko lantoki edota zenbait zurgindegi mantendu dira. Hauek herritarrentzako lan toki izan dira eta hala nabarmentzen da bertako eraikin dotore anitzetan.
Lesaka Tourseko San Martin parrokia elizak babestua da. Muino baten gainean tente, Nafarroako eliza monumentalena da; bertan gotikoak eta barrokoak bat egiten dute katedral tamainako erlijio arkitekturaren adibide bikaina sortuz.
Era berean, Lesakako herria historiaren igarotzearen lekuko da. Leiho eta ate gotikoak dira herriko karrika harriztatuetako etxe-aurrealdeen apaingarri. Baina, dudarik gabe, herriko ezaugarri den irudia, ibairen gaineko harrizko zubia da, eta honen ondoan dagoen Kasherna edo Zabaleta dorrea, harri landuzko XV. mendeko dorre-etxe ederra. Herrian barrena hainbat leinu-dorre aurkitzen dira eta hauetako bat, Minyurinea, Lesakako eraikin zaharrena da, XIV. mendean eraikia izan zela uste baita.
Herri honetako beste berezitasuna, uztailaren 7an, San Fermin egunean egiten den Zubigaineko dantza da. Prozesioa bukatu ondoren, Eskol Ttikira jaisten dira lesakarrak, eta, han, Onin ibaiaren ertzetan, XV. mendean Lesakako auzoek sinaturiko bake-itunaren oroigarri, Zubigainekoa dantzatzen da.

Txangoa

Oinatz taldeak jakin arazi digunez, goizean 9:00etan aterako da autobusa taxi geltokitik. Lizarreta gainera iritsi eta mendi buelta egingo da usategiak ikusi eta ehiza mota hau ezagutzeko. 12:30ak aldera, Etxalarren bazkalduko da, bakoitzak etxetik eramandakoa. Bazkal ostean, San Juan Xarrera egingo dute ermitako elezaharra ezagutzeko eta, azkenik, Lesakako bisita gidatuaz gozatzeko aukera izango du taldeak.

Txartelak

Bortzirien eskualdera egingo den txangorako autobus txartelak erosi beharko dira. Hauek Ttakuneko bulegoan egongo dira eskuragarri martxoak 25era arte.
Eta txangoari buruz gehiago jakin nahiez gero, 943 371 448 telefono zenbakira deitu dezakezue.