Diru laguntza Eusko Jaurlaritzak LanHitz programaren bidez ematen duenaren osagarria da. Lehen urtean enpresak izan dezakeen gastuaren 2/3 erakunde publikoon dirulaguntzekin finantzatzea da helburua. Beste herena enpresaren gain geratuko da eta bigarren urtetik aurrera LanHitz programaren bidez finantzatzen da euskara plana.
Bukatzeko Iñaki Mugicak eskerrak eman zien mahaian ziren enpresa-ordezkariei. Hauen artetik Santiago Sarasola Lasarte-Oriako T.S.S.T. konpainiako ordezkariak euren esperientziaren berri eman zuen, zerbitzuzko enpresa izanik, eguneroko bezeroekin, herritarrekin alegia, oso hurbiletik lan egiten dutela aipatuz: “jakin badakigu, horien arteko euskaldunen kopurua kontuan hartzekoa dela, eta nabarmen handitu dela, gainera, azken urteotan". Zerbitzuaren kalitatea hobetzen eta horretarako egokiak diren neurriak hartzen saiatzen direla esan zuen: “Gure bezeroei zerbitzurik hoberena eskaintzea da gure helburu nagusienetako bat, eta euskararen ezagutzak gora egin duenez, ezinbestekotzat jo dugu aldagai hori ere kontuan izatea hemendik aurrera". Beraz, euskara plangintza abian jarriko dute.
Sinatze ekitaldian Marian Beitialarrangoitia, Hernaniko alkateak azaldu zuenez "euskararen normalizaziorako garrantzitsua da lan mundua eta Udala euskara normalizatzeko egiten ari den ahaleginaren baitan kokatzen da lan munduan ere euskararen normalizazioaren aldeko pausoak ematea".
Bere ustez "neurri batean, euskararen normalizaziorako klabeetako bat da lan mundua euskalduntzearena" eta zenbait arrazoi eman zituen. Batetik, gure eskualdeko belaunaldi gazteek "zorionez" ikasketak euskaraz egiteko aukera izan dutenez, lan mundurako jauzia ematen dutenean, euskara oso arrunta dute eta euskaraz lan egitea da eskaini behar zaiena. "Horretarako lan bat egina dago, ez gara zerotik hasten, baina bada zertan sakondu, enpresa edo lantegietan euskaraz aritu daitezen". Horretarako prestatuta izatea inportantea dela esan zuen Marian Beitialarrangoitiak.
Bestalde, aski frogatua da bere iritziz euskaraz lana ere egin daitekeela eta beraz garrantzitsua da edonork dituen baliabide eta aukerak praktikan jartzea. Gainera gaur egungo gizartean gero eta beharrezkoagoa da hizkuntza bat baino gehiago erabiltzea, hizkuntzak kudeatzeko moduak eta irizpideak ezartzea. Enpresetan hizkuntzen kudeaketa egokiak eta euskara planak enpresaren "kalitatea" laguntzen duela uste du Hernaniko alkateak.
Urrats sendoak
Azkenik Beitialarrangoitiak adierazi zuen Udala bera ere enpresatzat hartu daitekeela eta beraz Udal barnean euskaraz lan egiteko neurriak hartzea oso garrantzitsua dela uste du. Guretzat erronka garrantzitsua izan da euskaraz bizitzea: "Eta zalantzarik ez da bide horretan urrats sendoak egiteko ardura handia dugula Udalok. Gure lana eta zerbitzua kalitatezkoak izango dira hizkuntza irizpide egokiak hartu eta betetzen ditugun neurrian".
Beitialarrangoitiak Buruntzaldeko Udal guztien izenean esan zuenez "asmo sendoa dugu eskualdeko enpresetan euskara planak abian jartzeko gure eskuetan den laguntza emateko, bai sustapen lana bultzatuz eta bai dirulaguntzen lerroari eutsiz".
Ondoren Mikel Izagirre Urnietako alkateak enpresatako plangintzen historia laburra egin zuen: "Buruntzaldeko udalak 2005ean hasi ginen enpresetan euskara planak sustatzen. Terreno landu gabea zen hura, eskualdean ez zegoen apenas enpresarik euskara modu planifikatuan lantzen ari zenik. Ez dut esango inork ezer egina ez zuenik, ez da-eta horrela. Enpresa batean baino gehiagotan bazegoen euskararen aldeko sentsibilitaterik eta saiakera batzuk, handiagoak edo txikiagoak, eginak zituzten hainbat tokitan. Eta saiakera horiek ekarri dute, ziurrenik, ondoren beste indar eta sendotasun batekin heltzea gai honi udalotatik ere. Aitzindariak edo pioneroak izan ziren haien lana eskertuta eta aitortuta, beraz, bai azpimarratu nahi dut Udalon sustapen lanak tarteko, 13 plan ditugula orain Buruntzaldean".
13 enpresa eskualdean
Lasarte-Orian Aduriz eta T.S.S.T., Usurbilen, Berriola, Luzuriaga eta Izagirre, Hernanin, Selac, Hator eta AMR, Andoainen Latz eta Mondragón Sistemas de Información, Astigarragan Tximela eta Urnietan Deman dira 13 enpresa horiek, era askotakoak, produkzio-enpresak, zerbitzuzkoak; tamaina oso ezberdinekoak (badira 10 langilekoak eta badira 100 langilekoak ere); langile euskaldun gehiago edo gutxiago dituztenak... eta hizkuntza aldetik ere behar eta egoera oso ezberdinekoak.
Aurkezpenean parte hartu zuten Xabier Elizegi, Urnietako Deman enpresaren ordezkariak, Santiago Sarasola, Lasarte-Oriako T.S.S.T. enpresaren ordezkariak eta Mikel Ruiz, Hernaniko AMR Refractarios enpresaren ordezkariak, Mikel Izagirre, Iñaki Múgica, Marian Beitialarrangoitia hurrenez hurren, Urnieta, Lasarte-Oria eta Hernaniko alkateekin batera.