15_Beñat Elizalde eta Leire Zubizarreta Euskadiko txapeldun bere mailan

Txintxarri Aldizkaria 2009ko mar. 15a, 01:00

LOKEko judokak herrira dominak ekartzen eta parte hartzen duten lehiaketetan emaitza bikainak eskuratzen segitzen dute. Asteburu honetan bi urrezko domina eta zilarrezkoa ekarri dituzte. Larunbatean Gasteizen jokatu zen Euskadiko txapelketan, Beñat Elizalde txapelduna izan zen 23 urtetik beherakoen artean. Kadetetan Leire Zubizarreta izan zen txapeldun eta Amaia Curiel bigarren. Iñaki Elizalde, aldiz, bosgarren izan da 20 urte azpiko Espainiako txapelketan.

Lasarte-Oriako judokek bere mailan onenak direla erakusten jarraitzen dute. Asteburuan Gasteizen jokatu zen Euskadiko txapelketa Beñat Elizalde eta Leire Zubizarretak urrezko domina eskuratu zuten.
23 urtez azpiko mailan onena Beñat Elizalde dela argi ikusi zen. Borrokaldi guztiak irabazita Euskadiko txapeldun da berriz ere eta martxoaren amaieran Zaragozan egingo den Espainiako txapelketako kanporaketan parte hartzeko txartela eskuratu zuen.
Kadete mailan oso emaitza onak lortu zituzten LOKEko borrokalariek. Leire Zubizarreta izan zen Euskadiko txapelduna hiru borrokaldi erraz irabazi eta gero. Amaia Curiel bigarrena izan zen, bi borrokaldi irabazi eta bakarra galduta, Esteban Martinez bezala.
Gorka Aristegi LOKEko prestatzaileak Estebani gertatua salatu du, bere ustez hirugarren borrokaldia ere irabazita zuen "baina arbitroek ere parte hartzen dute. Agian noizbait gure alde ere okertuko dira". Mario Garridok ere parte hartu zuen txapelketan. Borrokaldi bat irabazi zuen eta bi galdu. Prestatzailearen iritziz, "hobeto" egin dezake.
Gasteizen jokatu zen Euskadiko txapelketako emaitzen ondoren, Alikanten maiatzaren 22 eta 23an burutuko den Espainiako txapelketarako sailkatu da Leire Zubizarreta. Amaia Curiel eta Esteban Martinezek aukera dute oraindik baina itxaron egin beharko da.

Gipuzkoako Txapelketa

Igandean, Zarautzen hasiberrien mailako Gipuzkoako txapelketa jokatu zen taldeka eta lasarteoriatarrek oso maila ona erakutsi zuten. Lehen bi borrokaldiak erraz irabazi zituzten eta gero txapeldun izan zirenen aurka galdu zuten.
Prestatzailearen ustez txapelketa "zoragarria" egin zuen Alex Salsamendi, Asier Zubizarreta, Haritz Urdangarin, Ander Curiel, Mikel Gonzalez, Oscar Garrido eta Fermin Baldak osatutako taldeak.

Iñaki Elizalderen iponak

Azkenik Iñaki Elizaldek bosgarren postua eskuratu du Madrilen 20 urte azpiko Espainiako txapelketan. Hala ere, oso pozik agertu da Gorka Aristegi entrenatzailea Iñaki Elizaldek txapelketan egin duen lanarekin, izan ere, brontzezko domina eskura izan baitzuen. "Iñakik oso txapelketa ona egin du, bere mailarik hoberena erakutsiz, gainera. Lehenengo borrokan, andaluziar bat gainditu zuen iponez; baita bigarrena ere iponez madrildar baten aurka; final aurrekoetan Espainiako txapeldunaren aurka galdu zuen eta dominak gutxirengatik ihes egin zion eskutik," adierazi digu Gorkak.