Lekuonaren kasuak eraginda hasi zen ikertzen Osalan Lasarteko Michelinen. Pleurako mesotelioma birikak babesten dituen mintzari eragiten dion minbizia da, eta denbora luzean amiantoa arnastu duen jendeari eragiten dion gaitza da bereziki. Ondorioz, Osalaneko teknikariak bitan izan ziren Michelinen, urtarrilean eta otsailean, Lekuonaren gaitzaren eta 27 urtez bere lantoki izandakoaren artean loturarik ba ote zegoen argitzeko. Michelineko arduradunek ez Gasteizen eta ez Lasarten ez dutela inoiz amiantorik erabili esan badute ere, Osalanek argitaratu berri duen txostenak dio amiantoaren zantzuak aurkitu dituztela Lasarten, eta frogatutzat jo dute horrek Lekuona hil duen gaitzarekin lotura duela.
Isolamendu termikorako
Antonio Lekuonak 1960a
eta 87a bitartean egin zuen lan Lasarteko Michelinen.
R tailerrean aritu zen, eta urte horietatik gehientsuenak soldatzaile eta hodien arduradun gisa eman zituen; hau da, besteak beste material eta erremintak konpontzera eramateaz eta hodiak aldatzeaz arduratzen zen.
Osalanen txostenaren arabera, hodi horiek isolamendu termikorako materialek babestuta zeuden; amiantoa, tartean. Horretaz gain, txostenak dioenez, Michelinen barne gidak berak aginduta erabili behar zituzten langileek amiantozko estalkiak, altzariak eta baita langileak berak ere babesteko, su hartzeko erraztasuna duten materialengandik. Asviame Amiantoaren Biktimen Elkarteko bozeramaile batek azaldu duenez, lehen oso ohikoa zen halako enpresetan amiantoa erabiltzea, baita balaztetako zapatetan ere.
Amiantoaren erabilpena ez ezik, prebentzio eza azpimarratu du Osalanek Lasarteko Michelinen inguruan egindako txostenean. Teknikariek ondorioztatu dute ziurrenik Lekuonak ez zuela amiantoa ez arnasteko babesgarri indibidualik erabili. Era berean, Michelinek ez omen ditu martxan jarri 90eko hamarkadaren bukaeratik indarrean dauden amiantoaren aurkako protokoloak. Horrenbestez, Lekuonak Michelinen lan egin zuen artean ia urtero azterketa medikua egin bazioten ere, ez zizkioten amiantoarekin lan egiten dutenei dagozkien azterketa zehatzak egin, eta beraz ez zioten ezer aurkitu. Asviameko bozeramailearen arabera, proba horiek egin izan balizkiote gerora izan zuen gaitzaren lehen zantzuak aurkitzeko aukera izango zuten.
Asviameko bozeramaile honek argitu du Lekuona zena izan dela orain arte amiantoaren kontura Osalanera jo duen Lasarteko Michelineko langile bakarra. Teknikariek txostena osatzeko fabrikara egin zuten bigarren bisitaldian lau langilerekin hitz egin zuten, baina gainontzean "oso lekuko gutxi" izan direla dio. Gaur egun 1.605 lagunek egiten dute lan Lasarteko Michelinen, baina guztira kaltetuak "ehunka" izan daitezkeela uste du Asviameko bozeramaileak.
Langile ohiei ere eragin
Osalanen txostenak aldaketa handia ekar dezake. Alde batetik, Lekuonaren alargunari dagokion pentsioari dagokionez. Bestetik, kontu batzuk oraindik zehazteke dauden arren, Michelinek prebentzio neurri zorrotzagoak hartu beharko ditu hemendik aurrera. Amiantoarekin harremanetan izan diren fabrikako langileekin segurtasun protokoloa zehatz-mehatz bete beharko dute, eta baita amiantoari dagokion azterketa medikua egin ere. Horretaz gain, erretiratutako langileek ere egin beharko dituzte azterketa mediku zehatzak, Osalanek hala aginduta.•