Errausketaren Aurkako Koordinadorak poza eta itxaropena agertu ditu Usurbilen Atez Ateko hondakinen bilketa martxan jarriko delako martxoaren 16tik aurrera. Euskal Herrian lehenengo saiakera da, baina urteetako esperientzia duten Catalunya eta Mallorcako 70 herri baino gehiagotan egiten duten bilketan oinarrituta dago.
Koordinadorak Usurbilgo herria lehen pauso garrantzitsu hau ematera ausartu delako zoriontzez gain, beste herri eta hiriei Atez Ateko prozesuarekin abiatzeko eskatzen die, horrela hondakinen birziklapena gaur egungo %20tik %80ra pasa baitaiteke eta zabortegi beharra proportzionalki gutxitu.
Orain arte indarrean egon den hondakinen bilketa klasikoari agur esan eta Atez Atekoari ongi etorria emateko Usurbilgo herriak larunbaterako prestatu duen jaialdian parte hartuko du Koordinadorak, 13:00ean "Errausketaren aurka eta Atez Atekoaren alde" egingo den kalejira antolatuz.
Era berean, herritar guztiei dei egiten die 14an Usurbilera ager daitezen, beraien begiz ikus dezaten zertan den Atez Ateko bilketa eta zer onura ekar dezaken.
Honetaz gain, gogorarazi nahi dute aurrera darraiela Hondakinen Euskal Legea EAEko Legebiltzarrean eztabaidatu ahal izateko 30000 sinadura biltzeko erronkak, eta Usurbilgo ospakizunean ere han izango direla helburua lortzeko bultzada berri bat eman nahian. Honetarako Legebiltzarrak lau hilabeteko epea eman zuen eta bi t´erdi pasa direnean, bilketa bide onetik doala adierazten dute, baina gizarteko eragile guztien inplikazioa beharrezkoa dutela horrelako helburu handia lortzeko: Lege bat gure hondakin guztiak modu selektiboan biltzera behartuko duena eta hauen errausketa behin-betiko baztertuko duena.
Errausketaren aurkako mugimendua