Go!azen filmeko aktoreak bisitan

Txintxarri Aldizkaria 2009ko martxoaren 16a

Go!azen film musikaleko bi aktore Lasarte-Orian izan ziren ostiralean. Irakutrezin aldizkarirako elkarrizketa egin zioten Aitor Saumell eta Ima Fernandez-i, hurrenez hurren, Go!azen-en Asier eta Desire (Desi) izan diren aktoreei, Landaberri-DBH ikastetxean elkartu ziren 12-15 urte bitarteko neska mutil koadrilak. Ondoren gazte klubeko gaztetxoak ere izan zuten bi aktoreekin egoteko aukera.

Ostiralean arratsaldeko 5etan heldu ziren Aitor Saumell eta Inma Fernandez aktore gazteak Lasarte-Oriara Kuadrillategik gonbidatuta. Jalgin kafe bat hartu eta Landaberri DBH ikastetxera abiatu ziren. Zain zuten han bertako ikasle koadrila Irakutrezin aldizkarian argitaratuko duten elkarrizketarako galdera sorta egiteko prest. “A ze puntualitatea” izan zen aktoreek lehenengo entzun zutena.
Ondoren hainbat galdera egin zizkieten 12-15 urte bitarteko ikasleek. Argi eta garbi ikusi zen gaztetxoek filma ikusita dutela, filmari eta aktoreei buruz ondo informatuta daudela, baina, jakinmin handia zuten eta denetariko galderak luzatu zizkieten bi bisitariei: Go!azen pelikularen casting eta grabaketari buruzkoak, filmean abestutako kantuei buruzkoak, euren bizitza pertsonalari buruzkoak edota, besteak beste, etorkizunerako dituzten asmoei buruzkoak. Bi aktoreek aurreratu zutenez telebistan serie bat grabatzeko proposamena jaso dute eta beraz, “Asier”, “Desi” eta filmeko beste protagonistek jarraipena izango dute telebistan.
Ondoren gazte klubeko haurrak heldu ziren Landaberrira. Hauek ere gogo biziz zeuden Go!azen-eko aktoreak ikusteko. Aitor eta Inmak filmeko antzeko itxura zuten ostiralean, euren txapelak dotore jantzita etorri ziren. Aitor Saumell-ek esan zuenez, bera bera da filmean eta filmetik kanpo eta beraz, grabaketarako ez zuela asko aldatu beharrik izan.
Elkarrizketa egin ondoren, Kuadrillategikoek zein Gazte Klubekoek taldeko argazkia atera zuten bi aktoreekin eta bukaeran autografo batzuk ere sinatu zizkieten bildutakoei.
Lasarte-Oriako Kuadrillategik antolatu du bisita. Aktoreek adierazi zutenez filma estreinatu ondoren sarri ibili dira horrela, ikastetxetan hitzaldiak eman eta gaztetxoen galderei erantzunez.