Herriko batukadaren burrunba abiatzear da Zumaburutik

Txintxarri Aldizkaria 2009ko martxoaren 16a

Perkusio tresna ezberdinak jotzean ateratzen diren soinuak eta doinuak dira batukadaren oinarria. Kalejiran, danbor, bonbo, atabal, tan-tan edo beste edozein perkusio tresnak jo eta erritmo bizian dantzan egiten dute. Iazko San Pedrotan herritarrek ikusi eta gozatu ahal izan zuten herriko batukarien goxotasun eta erritmoetaz. Aurten ere ostiralero elkartuko dira Ttakunek bultzatutako taldekoak euren burrunba partikularra prestatzeko.

Batukadan trebatu nahi duenak ostiraletan Zumaburu ikastolako lokalean du hitzordua arratsaldeko 7etatik 9etara bitartean. Ttakunek iaz antolatu zuen lehen aldiz batukada ikastaroa eta lehen urteko arrakastaren ondoren aurten ere elkartuko dira herriko batukariak. Lokala lortzeko zenbait arazo gainditu ondoren martxoaren 27tik aurrera hasiko dira batukada taldekoak euren erritmoak, dantzak eta koreografiak prestatzen.
Lehen hilabetetan bi maila izango dira. Iaztik ari direnak euren garapena jarraituko dute eta hasi berrientzat ikastaroa eskainiko dute. Helburua berriak trebatzen diren heinean denen artean talde bakarra osatzea da uda garaian izango diren ekitaldietan parte hartzeko. Iaz bezala San Pedrotan zenbait kalejira egin nahi dituzte batukada taldekoek herria girotzeko. Iaz hainbat herritar izan zituzten atzetik segika kalez kale eta gogoz daude aurten iazkoa hobetzeko. Hilabete hauetan erritmo berriak prestatzen arituko dira. Bestalde, Antzerki Astean dantza garaikidea egiten duen herriko taldearekin batera emankizun bikaina eskaini zuten iaz Kultur Etxean eta aurten errepikatzeko asmoa dutela esan digute Ttakuneko batukada taldekoek.

Hasiberrientzat ikastaroa

Apirilean hasita ikastaroa izango da, beraz, batukada jotzen hasi nahi dutenentzat. 15 urtetik aurrera (DBH3) nahi duten guztiek eman dezakete izena Ttakunen bulegoan martxoaren 27.a baino lehen. Egun horretan arratsaldeko 7etan bilera egingo da Zumaburu ikastolako lokalean eta ondoren ostiralero elkartuko dira. Taldeak baditu 20 bat musika tresna, neurri ezberdinetako danbor, atabal, surdo, agogo, tan tan,... ikastaroan erabiltzeko. Ostiraletan arratsaldeko 7etatik 9etara bitartean bi taldetan banatuta jardungo dira tresna horiei ahalik eta etekinik handiena atertzeko.
Batukadak afrikar kulturan du oinarria. Kontinente honetan betidanik erabili dituzte danborrak euren festa eta tradizioan. Azken finean musika tresnarik zaharrenak dira seguraski perkusio tresnak. Jakina da batukadak berez Afrikako herrietan edota afrikar sustraiak dituzten herrietan daudela, Afrikatik eramandakoen ondorengoak bizi diren tokietan, alegia, baina mundura Brasiletik zabaldu da nagusiki. Han milaka danbor jole eta dantzari elkartu ohi dira kalejiratan. Sanbarekin duen lotura aipatzen da sarri.