Hipodromo etorbideko egoitzatik abiatu zen martxak Kelan Elektronika enpresak Kale Nagusiko industrialdean duen fabrika zuen helburu. Buruan Kelan eta Cortusa lanpostuen defentsan. Euren krisia euren kontura.
Era honetara, enpresa horretako hainbat langilek eta Andoaingo Cortusa enpresakoek jasaten duten erregulazio egoera salatu nahi izan zuten.
Proposamen berria
Jokin Txapartegi Kelanen LABeko arduradunak adierazitakoaren arabera, “Kelaneko 9 langile EREan jarri gintuzten duela 6 hilabete, nahiz eta gu aurka agertu. Egun 8 gaude, batek lanpostua utzi zuelako. Enpresak 11 langile ditu eta langile batek bakarrik sartzen ditu jardueraz kanpoko orduak.”
Hori gutxi balitz, “EREan gauden bost langileri egin digute proposamen berria, kaleratzea eta horren truke dirua ematea,” aipatu digu Jokinek, “eta, hala ere, geratzen direnek EREan jarraituko lukete.”
Gainera, etorkizuna ere beltza dute Kelaneko langileek “mehatxu modura agian 6 hilabeteetan itxi beharko dutela eta guztiak kalera botako gaituztela esan digute, kalte ordainik gabe. Egungo krisi egoera dela eta, jendea dudan dago. Aukera gutxi dago, dirua hartu eta kalera joan edo lanean jarraitu eta agian krisia dela eta, hilabete batzuetan kalean izan,” azaldu digu Kelaneko langileak.
EREak ez dira irtenbidea
Era berean, Jon Martin Lasarte-Oriako LABeko kidearekin hitz egiteko aukera izan genuen manifestazioaren ostean, “ERE batek ezer ez duela konpontzen argi utzi nahi dugu. Ez da soluzio bidea.” Eta zera gaineratu du, “enpresa honek irabazi handiak izan ditu krisia baino lehen, orain EREa ezarri eta kaleratzeak ari da proposatzen.”
Krisiaren eta honelako egoeren aurrean herriko langileen alde lan egingo dutela ere azaldu digu “guk herriko lanpostuak defendituko ditugu. Krisia ez dugu langileek sortu, baina krisia ordaintzen lehenak gara eta ez dugu hortik pasa nahi. Egoera ez da erraza eta, orain ere, langileekin bat egiten dugu, industria eta langileak defendituz.”