Mintza praktika afari giroan

Txintxarri Aldizkaria 2009ko martxoaren 16a

Ttakun Kultur elkarteak kudeatzen duen Solaskide egitasmoan hainbat herritarrek parte hartzen dute. Euskaldun zahar eta berriak astero solasaldi bat izateko elkartu egiten dira, baina gutxi batzuk ezagutzen dute haiek bezala elkartzen diren beste herritar, bikote edo talderik. Ostiralean, izan zuten aukera Arrieskalleta elkartean, 30 bat elkartu baitziren mahaiaren inguruan bapo afaldu eta euskaraz mintzatuz ondo pasatzeko.

Egun 46 lagun dabiltza Solaskide egitasmoan, 29 euskaldun berri eta 17 euskaldun zahar. Horietatik gutxi batzuk ezagutzen dute elkar.
Mailu Arrutik Solaskideko arduradunak azaldu digunez, “azken urtetan ez dute ezer egin talde guztiek elkarrekin, beraz, inpresio aldaketa eta harremanak izateko aukera paregabea izan dute afaritan egon diren 32 lagunek.”
Helburua, “elkar ezagutzeko egiten dugu. Euskaldun zahar eta berriek beraien taldetakoak bakarrik ezagutzen dituzte,” azaldu digu Solaskideko arduradunak, “solaskideek talde sentsazioa eta elkar babestea bilatzen da.”
Solaskide egitasmoa harreman sarea zabaltzeko aukera paregabea dela azpimarratu du Mailuk eta afariari esker. programaz kanpo elkar ikusten dutenean harremana euskaraz izan dadin bultzatu nahi da.

Afari berezia

Era honetara, elkar ezagutza bideratzeko afari berezia izan zuten Solaskide egitasmoko lagunek. Kontua ez zen soilik elkartu eta jatea izan: solaskideek bi jokutan parte hartu behar izan zuten.
Arrieskalleta elkartera iritsi eta solaskide bakoitzak papertxo bana atera behar izan zuten eta plater gainetan jarrita zeuden izenarekin lotu eta bere eserlekua bilatu behar izan zuten.
Horrela, afaltzeko garaian ez zuten beraien solaskideekin bat egingo, baizik eta izen horrek harremana zuen taldearekin.
Honetaz gain, bigarren platerean lekuz aldatu arazi zituzten. Horretarako, mahai gainean torloju eta tuerkak jarri eta beraiek probatu behar zuten bakoitzarenak norenarekin bat egiten zuen.
“Jokuen helburua, elkar ezagutzea eta euskaraz harreman berri bat hastea da,” aipatu digu Mailu Arrutik.
Afari batekin hasi dira, baina behar bada aurrerantzean jarduera gehiago egingo dituztela aurreratu du gainera Solaskideko arduradunak, hala nola, Oinatz taldeko irteeretan parte hartzea, Xumela korua ezagutzea, antzerkia, euskal dantzak edo sorgin dantza ikasi edo zikiro afarira elkarrekin joatea.