Aurten berrikuntza bat izan da: Eskola Agenda 21 jorratzen ari dira Landaberrin, irakasle eta ikasleek hondakin gutxiago sortzeko egin daitezkeen ekimenak aztertzen eta lantzen dituzte, txikitatik birziklapena, ingurumena,... zertan diren ezagutzen joan daitezen.
Ingurumena zainduz
Irakasle, guraso eta ikasleen artean ingurumen batzordea jarri dute martxan eta krosa zerbait egiteko egokia zela ikusi zuten. Hondakin gutxiago sortzeko zer egin daitekeen aztertu zuten eta parte hartzaile bakoitzari ura eta yogurra ematen zaiela ikusita, bururatu zitzaien litroterdiko botila handiak eta berrerabiltzen diren plastikozko edalontziak erabiltzea.
San Marcoseko Mankomunitatearen bidez 400 edalontzi alokatu zituzten horretarako eta lehen ehundaka plastikozko botila txiki banatzen ziren bitartean aurten jokabide garbiagoa izan dute.
Gainera plastikoa jasotzeko edukiontzi horiak jarri zituzten “birziklapen txokoan” neska mutilek eurek birziklapenean parte hartuz yogurraren ontziak biltzeko, eta birziklatzeko. Mikel Urruzola ikastolako guraso eta gai honen inguruan lan egiten duenak adierazi zigun aurreko urteetan baino zabor eta hondakin askoz gutxiago sortu dutela aurtengo Krosean.
Bestela ez dira Krosaren izaera eta helburuak aldatu. Ez eta gurasoen jokabideak ere. Jendetza bildu zen Atsobakarren txikienen ahalegina txalotu eta horien irudiak jasotzeko.
Amaieran parte hartzaile guztien artean kirol eta euskararekin lotutako opariak banatu ziren zozketa bidez. Haurren artean lehiakortasuna baino, parte hartzea eta gozatzea bultzatu nahi dituzte antolatzaileek. Sariak opari bihurtzen dira beraz Krosean.
Eneko Castroren omenez
Opariak Eneko Castro zenaren gurasoek banatu zituzten Landaberri ikastolako antolatzaileekin batera. Lasarteko atletaren oroimenez antolatzen du urtero krosa ikastolako Guraso Elkarteak. Aurten 12a izan da.
Bataz beste 700 metro inguruko ibilbidea osatu zuten, adin bakoitzari zegokion erritmoan. Aurten DBHko ikasleak laguntza bikaina eman zutela adierazi zuten antolatzaileek eta hauek hamaiketakoa eman zien gaztetxoei euren borondate eta lan ona eskertzeko. Guztira adin ezberdinetako dozena bat lasterketa egin ziren. Erritmo lasaian, helburua haurrek kirola eginez gozatzea baita. Eta gero guraso eta seme-alabek denek elkarrekin eman zioten zirkuituari azken itzulia, tropel ikusgarria osatuz.