Baina “aurkezpena egiteaz gain, herriko zenbait talde parte hartuko dute, dantza garaikidea, bertsolari batzuk, Jalguneko gazteak, Porrotx eta Mari Mototsek edo Xumela abesbatzak, esate baterako,“ aipatu digu AEKko zuzendariak.
Arropa desfilea ere egongo da noski. “AEKko ikasleek parte hartzea nahi genuen, baina jendea ez da animatzen ari. Herriko gazteak animatu dira, ordea. Gazte lokalean dabiltzan batzuk desfilean parte hartuko dute. Gu saiatuko gara. Baina ikasleei asko kostatzen zaie horrelako gauzatan parte hartzea. Aurkezpenean egongo dira noski, baina ziurrenik ez dute parte hartuko. Hala ere, pentsatzen dut korrika eguneko ekitaldietan parte hartu eta haien laguntza izango dugula,” esan du.
Ilusioa eta parte hartzea
Desfileko arropa gustuko duenarentzat, arropa erosteko aukera izango du aurkezpenaren ostean, “kanpoan edo bigaren solairuan oraindik ez dugu zehaztu, baina arropa saltzeko postua jarriko dugu.”
“Parte hartuko duten taldeek ilusio handia dute,” aipatu digu Olatzek.
“Gainera, jendea oso ongi portatzen da Lasarte-Orian. Beste herriekin hitz egin eta beste trataera edo beste motibazioa bat dago euskararekiko. Nahiz eta gero hori ez hitz egin eta hiztunen artean ez den islatzen, baina bai gauzak antolatzerako orduan harrera ona dago eta gauzak egiteko predisposizio handia,” adierazi du Olatzek.
Ohean antzerkia
Hurrengo egunean, martxoaren 27an, gaueko 22:00etan. antzerkia dago programatua. Maskarada taldeak Ohean antzezlana dakar Manuel Lekuona kultur etxera.
“Guk Korrikarako beti eskatzen dugu antzerkiren bat. Aurten Udalak bere gain hartu zuen eta Korrika kulturalaren barruan kokatzen da Ohean antzerkia. Gastu guzti hori Udalarena da eta hori eskertzen diogu,” esan digu AEKko zuzendariak.
Eta zera atxiki du, “baina esan behar da ere. Aurkezpena ekitaldirako Udalak bere onespena eman badigu ere teknikorik ez duela jarriko eta teknikoei guk ordaindu behar diegula eta horrek gastua suposatzen duela guretzako.”
Dirulaguntzak
Korrika eguneko ekitaldiak ia prest dauzkatela aurreratu digu. Hauek ordaintzeko Lasarte-Oriako AEK duen diru bilketa sistema ere azaldu digu Olatzek.
“Batetik kilometroen erosketa dago. Lasarte-Orian 8 kilometro dira, baina ez dira kilometro osoak izaten, taldeek partekatzen dituztelako. Orain arte ez dugu arazorik izan horiek betetzeko eta egun daudenekin moldatzen gara. Hala ere, beste inork kilometrorik egin nahiez gero. moldatu eta listo. Inori ez zaio ezetzik esaten eta ez dugu inor behartzen,” adierazi digu Olatzek.
Bestalde dendaz denda ere eskutitz zorroak uzten direla aipatu digu, “jendeak, nahi duenak noski, zerbait eman dezan egiten dugu. Ez da derrigorrezkoa ematea. Badakigu garai txarretan bizi garela.”
Korrikari buruzko berezia
Korrika eguneko egitaraua, mapak, elkarrizketak eta gaiari buruzko berri gehiago martxoaren 30ean argitaratuko dugun Txintxarri berezian aurkituko duzue. •