Zortzi urte pasa dira, martxoaren 20 batean gure lagun Froilan Elespe (lagunentzat Froi) gure artetik kendu zigutenetik. Denborak orduan izan genituen lehen sentimenduak ezabatu ditu: gorrotoa, ezinikusia, amorrua; ondoren etorri diren sentimendu indartsuago, zorrotzago eta sendoek egunero-egunero zu gabe aurrera egiteko laguntza ematen digute eta mintzatzeko, adierazteko eta sentitzeko benetako askatasuna duen gizartea lortzearen alde borrokan segitzeko ere bai.
Batzuek omenaldi hauek zergatik eta zertarako egiten diren galdetzen dute eta etekin politikoaz mintzatzen dira. Horiek ergelak! Ahaztea barkaezina da: oroitzeak gure usteak sendotzen ditu, izu-ikarari zein beldurrari aurre egiten jarraitzeko laguntza ematen digu, gure askatasun falta gure egiten laguntzen digu, eta beti norbaitekin joan beharra onartzen ere bai; zuk bezala beste askok ordaindu duzuen prezioa ez ahaztera bultzatzen gaitu. Froi, aurrera egin dugula, babesa ematen zaigula eta gizarteak ulertzen gaituela diote, baina guk ez dugu hori sentitzen. Oraindik ere batzuen begirada eta mingain gaiztoak jasaten ditugu, batzuek zorionekoak bagina bezala begiratzen gaituzte, pribilegiatu gisa ez esateagatik. Zorroztasunik gabe batzuek darabilten doilorkeria edota zitalkeria horrek, min egiten badigu ere, indartu ere indartzen gaitu. Guk ez zaitugu ahaztuko.
Lasarte-Orian, 2009ko martxoaren 20an
Lasarte-Oriako Udaleko Zinegotzi Sozialisten Taldea