Xabier eta Mikel Arruti: Tamesis ibaian arraunean

Txintxarri Aldizkaria 2009ko mar. 23a, 01:00

Xabier eta Mikel Arruti anai bikiak Londresen izan dira asteburuan. Atzo igandea aulki mugikorreko The Head of the River Race estropadan hartu zuten parte britaniar hiriburuko Tamesis ibaian. Ur-kirolak arraun elkarteko beteranoen bi zortzikote izan ziren, munduko beste hainbat tokitako arraunlariekin batera, estropada herrikoi honetan.

15 urterekin hasi ziren bi lasarteoriatarrak arraunean, Mikel 11 urtetan aritu zen Ur Kirolak elkartean eta Xabier 9 urtetan. Duela hamar urte inguru utzi bazuten ere, oraindik gaztetan egindako kirolaren arra barruan dute. Horrela, Ur Kirolak-eko erretiratutako beste arraunlari batzuekin batera Londresera joatea erabaki zuten proba herrikoi honetan parte hartzeko. Xabier Arrutik azaldu digunez, kirola gustuko dute eta bidaiaren plana egokia da. Aldiz, lehen lerroan egotea oso gogorra, egunero entrenatu behar delako.
Orain, astean behin entrenatzen dute uretan, Ur Kirolak elkarteak Loiolan, Urumea ibai ertzean, duen lokalean. "Gero bakoitzak bere aldetik egin dezala nahi duena edo ahal duena". Londresera bidaiaren aitzakiarekin astelehenero elkartu dira lehen arraunean ibilitako lagunak, elkarrekin entrenatu eta tarteka elkarrekin afalduz. Ur Kirolak-ek lokal ederra du Loiolan, saihesbidearen azpian, eta bertan dute afaltzeko txokoa ere.

Oxford-Cambridge eremuan

“The Head of the River Race” proba Tamesis ibaian Oxford eta Cambridgeren arteko estropada ezaguna baino aste bete lehenago jokatzen da bi unibertsitateak lehiatzen diren eremu berean. Ia zazpi kilometroko ibilbidea da baina proba herrikoia ibaian behera egiten da. Unibertsitateen artekoa, aldiz, korrontearen aurka.
Larunbatean hilaren 21ean seniorren arteko lehia jokatu zen, -Hondarribiako trainerakoak han izan ziren-, eta atzo, igandea, 22an, herrikoian atera ziren Urkirolak-eko beteranoen zortzikoteak. Elkarte honetako bi koadrila joan dira estropada ikusgarri honetara.
Duela bi urte joan zen lehenengo aldiz Urki-ko zortziko bat probara. Iaz, Arruti anaien belaunaldikoak ere joatea erabaki zuten. Mikelek ez zuen aukerarik izan aita izatekotan zelako. Dena den, proba bertan behera geratu zen iaz zoritxarrez olatu asko zegoelako. Orduan erabaki zuten aurten berriro joan behar zirela eta Mikel Arruti ere animatu da.
Xabier Arrutik kontatu digunez, "talde pila bat ateratzen dira. Iaz larunbatean 400 bat zortziko baziren arraunean. Azken finean hemengo kros herrikoiak bezalakoa da. Zaletasun handia dago: punta puntakoak edota gazteak ateratzen dira. Arraunean ikasi berriak eta trebatuak, denak batera".
Hegazkinean joan ziren 19an eta gaur bertan itzultzeko asmoa dute. Ur kirolak elkarteko bi zortzikoen artean ez zen lehiarik espero, alde handia dagoelako. Arrutitarrenean, duela urte batzuek arraunean elkarrekin aritutakoak bildu dira eta bestean aldiz bazen sekula arraunean aritu ez denik ere.

Mundu guztikoak
The Head of the River Race proba banku mugikorra duten zortzi laguneko ontzien artean jokatzen da urteen arabera banatuta: beraiek 35 urte inguruko beteranoekin lehiatzekoak ziren. Alemaniarrak, kanadiarrak, estatu batuarrak,... denetarik izaten da, mundu guztikoek hartzen dute parte.
Lehen aldiz ateratzekoak zirenez, ez daukate erreferentziarik, eta joan zirenenean ez zekiten zer aukera izango zuten. Euren asmoa ahalik eta ondoen aritu eta ondoren lasai-lasai zerbeza batzuk hartzea zen.
Eta behin aurten Londreskoa ezagututa hurrengo urtetan beste proba herrikoiak probatzeko gogoa ere badute, Amsterdam-goa esate baterako.
Xabier eta Mikel Arruti 15 urterekin hasi ziren arraunean, Lasarteko mutil koadrila osoa joan ziren nahiz eta gerora lagun denak uzten joan ziren. Biek urte mordoxka eman zituzten arraunean, beti Ur Kirolak elkartean eta zenbait aldiz egon ziren Kontxako estropadan.
Behin gainera Donostiako traineren arteko estropadan juxtu-juxtu Arraun sailkatu zen zentesima gutxirengatik. Gero denen arteko kanporaketa jokatu eta Ur-Kirolak ere sartu egin zen zortzi onenen barruan.
Gaztetan banku mugikorrean aritu ziren honek ospe eta maila handiagoa zuenean. “Gaur egun Kantauri mailan banku mugikorra ez da horren ezaguna, traineren estropadek dena jan dute”.•