Semblante Andaluzek bere urteurrena ospatuko du asteburuan

Txintxarri Aldizkaria 2009ko martxoaren 27a

Hamazazpi urte dira Semblante Andaluz elkarteak ateak ireki zituela eta urteurrena ospatzeko hainbat ekitaldi antolatu ditu astebururako.
Hala ere, ospakizunen hasiera asteazkenean izan zen. Semblanteko egoitzean Sevilla reza cantando filma ikusi zen.
Pascual Gonzalez eta Cantores de Hispalis taldeak, besteak beste, Sevillako Lope de Vega antzokian eskainitako zuzeneko kontzertua eta Sevillako Aste Santuko irudiak nahasten dituen pelikulaz gozatzeko aukera izan zuten hurbildu ziren bazkideak.

Asteburuko ekitaldiak

Gaur, Ander Izagirrek Cuidadores del Mundo diaporama eskainiko du 18:00etan. Euskal Herriko natura zaintzen saiatzen diren pertsonaiak ezagutuko dituzte elkartera hurbiltzen diren herritarrak. Ostean, luntxa prestatuko dute.
Bihar 11:00etan, bazkide eta gonbidatuentzat andaluziako produktu tipikoak dastatzeko aukera egongo da antolatu duten luntxean.
Arratsaldean, berriz, 18:00etan elkarteko Amigos del Sur taldeak kontzertua eskainiko du. Sevillanak, fandangoak edo buleriak, bertan dauden guztiak dantzan jartzeko asmoarekin.
Igandean, 14:00etan bazkari herrikoia antolatu dute elkartean.
Eta, arratsaldean XVII. urteurreneko ospakizunei amaiera emateko, Golletek aurkeztua faralae jantzien desfilea egingo da. Desfilea girotzeko, elkarteko Semblante Rociero abesbatzak hainbat doinu eskainiko ditu.