Astelehenean Danok Kide Guraso elkarteak antolatutako V. Zinema sozialeko zikloaren aurtengo azken saioa burutu zen eta ebaluazio ona egin dute zikloaren antolatzaileek.
Antolatzaileen arabera, 70tik 80ra pertsona hurbildu dira astelehenero Manuel Lekuonako aretora eta oso pozik agertzen dira aurreko edizioetako ikusle kopurua mantendu dutela. “Nahiz eta filmearen ostean, zenbaki hori pixka bat murriztu”, azpimarratu dute.
Hitzaldien maila eta jendearen harrera ere aipatu digute. “Orokorrean hizlariek oso ongi azaldu dituzte elkarte bakoitzeko egitekoak eta bukaeran gainera jendeak ere galderak egiten zizkien, batez ere, organo donazioaren gaia jorratu zen egunean,” esan digute.
“Hitzaldi aretotik areto nagusirako aldaketa ere azpimarratu behar dugu. Onera izan da. Jendea erosoago egon da. Hala ere, guk beldurra genuen. Hitzaldietarako ikusleak sakabanatuak egotearena hotzegia zela pentsatzen genuen, baina hoberako izan da,” onartu digute.
Pena bakarra ziklora doan gazteen kopurua murritza izatea dela adierazi digute.
Gainera, hurrengo zikloetarako gaiak pentsatzen hasi direla ere aipatu digute, “jendeak gai tristeak aukeratzen ditugula esan digu, baina eguneroko gaiak dira eta ildo beretik lanean jarraituko dugu.”
Eta, era berean, eskerrak eman nahi dizkiote Udala eta kultur etxeko arduradunei emandako laguntzagatik.
IV. Musika Topaketak
Bestalde, gaur, IV. Musika Topaketen saio berria dago. Arratsaldeko 19:30ean, Santa Zezilia abesbatzak beteko du musikaz Ama Brigitarren komentuko kapera.
Donostiako abesbatzak gaur burutuko duen egitarauan Purcell eta Kvernoren abesti erlijiosoak eta abesti herrikoiak, Aita Donostiaren Iru txito, Sorozabalen Maite edo Zubizarretak egindako Ama begira zazu abestiaren moldaketa esate baterako entzun ahalko dira.
Hainbat lehiaketa eta jaialdietan parte hartutako abesbatza dugu gaurkoa, hala nola, Antiguako Lehiaketan edo Errenteriako Musikasten.
Honetaz gain, 1928an sortu zenetik, abesbatzak hainbat aldaketa bizi izan ditu, azkenekoa urte hasieran izan zen, zuzendari aldaketa. 13 urtez Santa Zezilia abesbatza zuzendu ostean, Javier Muguerzak Kepa Martinez de Albenizi lekua utzi zion.
Hilabete gutxi hauetan, abesbatza eta zuzendariak lan izugarria egin dute. Beraz, disfruta dezagun.•